Begoña Lumbreras Fernandez baserritar berangoztarrak eskuratu du gaur Bilboko Konpartsek eta Txarriduna akademiak urtero banatzen dituzten Klin Klon sarietako bat. Golardo horiek Felix Garci-Arzeluz "Klin Klon" kazetariaren omenez banatzen dira, berak berpiztu, berrantolatu eta dinamizatu baitzuen Bilboko San Tomas azoka 1915etik aurrera. Nekazaritza azokaren izpiritua zaindu eta bere zabalkundearen alde egindako ekarpenak aitortzen ditu Klin Klonak. Lumbrerasek pasa den abenduaren 21ean azokan jarritako fruta eta barazki erakusmahaiaren kalitateagatik irabazi du saria. Izan ere Momoitio baserrikoak eskarmentua du Abarotzu Baserria kaleko ortuko gaien bidez sariak irabazten. Berarekin batera, Lezamako Erdikoetxe sagardo eta txakolin egileek eta Borja Agudo, Jordi Alemany, Ignacio Perez eta Josu Garcia argazkilari eta kazetariek izan dute Klin Klona jasotzeko ohorea. Maila bat apalago, Koldo Belasko Perez, Borja Lopez, Arantza Zubia, Pedro Juan Martinez eta La gilda del nortek Klin Klon diploma bana eskuratu dute, haiek ere azokan ipinitako saltokiengatik. Argazkian, gaurko sari emanaldia / © Bilboko Konpartsak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!