Gizon horren aburuz, abortuaren lege proiektu berriaren bultzatzaileak bizitza eskubidearekin eta pertsonon duintasunarekin bene-benetan arduratuta balebiltza, klase herritarroi sufrimendua eragiten diguten euren politika sozial eta ekonomiko neoliberalak ezeztatuko lituzkete. Inkisidore horiek hipokrita hutsak ez balira, esklabo berriak ekoiztu eta zaintzeko tresna gisa ikusten dituzten emakumeak kontrolatzen tematu ordez, jada mundu honetan bizi garenon osasungintza, hezkuntza, etxebizitza eta lan eskubideen aurkako oldarraldia gelditu eta euren enpresen jarduera esplotatzaileak bertan behera utziko lituzkete.
Abortuaren lege proiektuan, ordea, hezur-haragizko milaka lagunengan oinazea eta atsekabea eragin ditzakeen hamaikagarren eraso neoliberala ikusten du izenburuko gizonak: askatasunaren murrizketa hori indarrean sartuz gero, egungo larrialdi ekonomikoaren ondorioak jada era gordinenean jasaten dituzten emakume gazteen artean izango luke eraginik handiena. Ez litzateke harritzekoa, esaterako, jendartearen sektore horretan depresioa eta antsietatea bezalako gaitzak are gehiago hedatzea.
Emakumeen autodeterminazioa ukatuz, kapitalismo patriarkala bere burua betikotzeko zapalduon kateak indartzen eta tenkatzen saiatzen ari da beste behin ere. Oraingoan ageriko jomuga emakumeak badira ere, gizon horrek argi dauka lege proiektua bere aurkako erasoa ere badela eta, kontsumokeriak, telebistak eta futbolak jada zeharo anestesiatu eta lerdotu ez bagaituzte, bidegabekeria horrek amorruz beteriko erantzun transbertsal eta intsumiso ozen-ozena aurkitu beharko lukeela bizitze onaren eta jendarte libreago baten alde gauden guztiongan, emakume zein gizon izan. Bere ustez, greba orokorra bera sobera justifikatuta legoke PPren azken aberrazio autoritarioak aurrera egingo balu. Irati Jimenezek lehengoan Euskadi Irratian hartutako konpromiso pertsonalaren ildotik, gerta ala gerta doako abortu librea bermatuko luketen herritarren balizko desobedientzia kanpaina ere zentzuzkoa ikusten du gizon horrek.
Iradokizun horiei burugabeak edo gehiegizkoak iritziko diete batzuek; erasoa hain da bistakoa, bidegabea eta mingarria, ordea, ezen aurkako muturrean baten batek XXI. mendeko inkisidoreen kontrako ekintza zuzen bortitza ere irudika bailezake. Eta inoiz inon halako sabotajerik edo agresiorik gertatuko balitz, botere patriarkalak ez luke histeriaz edo proportziorik ezaz hitz egiteko eskubiderik izango, norbaitek errugabeko pertsonei eraso ankerra egiten dienean, haien erantzuna epaitzeko zilegitasuna galdu egiten baitu. Hala uste du, bederen, izenburuko gizonak.
Koldo Larrea Antxia "Itxina" (Algorta)