Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Natura Inguruneko zuzendariaren hitzetan, asko dira egunotan euskal kostaldean agertu diren aleak, eta, segur aski, Bretainiaz harago jaiotako hiru hilabeteko kumeak dira. Zientzialarien arabera, populazioa ugaritu delako edo denboraleagatik heldu dira euskal kostaldera, baina baita beste arrazoi batzuengatik ere. "Kontua da erne jokatu behar dela inguruan gertatuz gero. Kumeak dira, bai, baina animalia handi eta basak dira, egoerak izututa daudenak, eta nahigabeko disgusturen bat ekarri dezaketenak", ohartarazi du.
AMBAR elkarteko adituak ere "harrituta" daudela esan du, agertu den itsas txakur ale kopuruarekin, eta "gehiago" agertuko direla uste dute. "Asaldura eragiten du jendea laztandu edo beldurtu nahian hurbiltzen zaizkiela ikusteak. Batzuk haurrekin edo txakurrekin hurbiltzen zaizkie, baina onena, animaliak itxura ona eta egoera txarrean dagoela ez badirudi ere, bakean uztea da", gaineratu du.
AMBAR elkarteko teknikariak animaliok agertzen diren portuetara joan ohi dira, eta animalia egoera txarrean badago, foruzainekin eta Ertzaintzarekin jartzen dira harremanetan, berreskuratzeko zentroetara eramateko. "Egoera bera errepikatuko da datozen bi hilabeteetan, eta ohitu egingo bagara ere, ezbeharrak gertatzeko mehatxua hor dago. Gure esku dago horiek saihestea", azpimarratu du.