Leioako herritar bi zauritu dira azken 24 orduetan, herrian izandako istripu biren eraginez, Udaltzaingoak adierazi duenez, ezbeharretako bat, atzo arratsaldean, Artatza kalean gertatu zen eta bestea, gaur goizean, Otsobarrena kaleko zebra bide batean izan da. Zauritu biak Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dituzte. Atzoko istripua, esan bezala, 20:15ean gertatu zen Artatza kaleko 22. zenbaki parean dagoen zebrabidean. Oinezkoa, 64 urteko gizon leioaztarra, zebrabidea igarotzen ari zela Getxotik Leioarako norabidean zetorren BMW markako ibilgailu batek harrapatu zuen, udal iturriek azaldu dutenez. Kolpearen eraginez zebrabidean geldituta zegoen beste auto baten kontra jo zuen oinezkoak, buruan zauria eginez. Gizona Gurutzetako ospitalera eraman zuten berehala konortea galdu barik. Bestalde, gaur goizean, 08:10 inguru, beste istripu bat gertatu da. Otsobarrena kaleko zebrabide batean, Lamiakoko metro geltokiko biribilgunearen parean dagoena, gizon bat harrapatu du auto batek. Gizona, leioaztarra da eta 72 urtekoa. Udondoko Bulebarrera zihoan zebrabidetik auto batek harrapatu duenean. Traumatismo anitzekin eraman dute zauritua Gurutzetako ospitalera. Argazkia: ©
Leioako Udala.