Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak Leioa udalerriko Nafarroa kaleko 7. zenbakian sortutako sutea itzali zuten atzo, goizeko lehenengo orduan. Gertaeraren unean, etxebizitzan hiru lagun zeuden. Horiek irtenarazi zituzten, eraikinean zeuden gainerako auzokoak bezala. Foru iturriek zehaztutakoaren arabera, abisua 09:29an jaso zen Uriosteko Parkeko Komunikazio Zentroan. Hurrengo minutuetan, Artatzako eta Uriosteko parkeetako talde batzuk ezbeharraren lekurantz abiatu ziren, hiru ponpa-autoz, bi autoeskalaz eta bi ibilgailu arinez. Hamabi suhiltzailek, bi kabok, sarjentu batek eta ikuskariorde batek parte hartu zuten itzaltze lanetan, eta horiekin batera Leioako Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteak egon ziren. "Etxebizitzak sarbide korapilatsua zeukan arren, suhiltzaileek etxe osoari eragin zion sua itzaltzea lortu zuten ordubetetik beherako denboran, 10:16an, hain zuzen", nabarmendu dute Aldunditik. Parkeetara itzuli baino lehen eta sutea erabat itzalita zegoela egiaztatu ondoren, Suhiltzaile Zerbitzuko langileek etxebizitzaren eta eskaileraren egoera egiaztatu zuten eta horiek aireztatu zituzten. Zaurituei dagokienez, ETBren arabera, ateratako 20 auzokideetatik 12 lagun artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik eta beste bi ospitalera eraman dituzte zauri arinekin. Bizilagunak eguerdirako itzuli dira etxera. Argazkian, Artatzako suhiltzaileak artxiboko irudi batean.