Eunate Agirre Sopela bodyboarderrak lehiaketak utziko dituela jakinarazi du Facebook sare sozialaren bitartez. "Etapa berri bati ekingo diot, ilusio handiarekin. Lehiaketak alde batera utziko ditut, eta orain olatu berriak ezagutzeko eta gozatzen jarraitzeko denbora heldu da. Soul surfing there we gooo!", esan du. 2011ko Munduko txapeldunak "lehiaketen ibilbide luzean jasotako babesa eskertu" nahi izan du. "Batez ere familiari, garaipen eta porrot bakoitza ez litzakete berdina izango zuek gabe, beraz, eskerrik asko bihotz-bihotzez", esan du sopeloztarrak. Eunate Agirre 2011ko azaroaren 27an irabazi zuen munduko bodyboard txapelketa Azoreetan, azken proban bere aurkari handienarekin, Isabela Sousa brasildarrarekin, lehiatu eta gero. Horregatik, 2011ko Bizkaiko kirolari onena hautatu zuen Bizkaiko Kirol Prentsa Elkarteak. Argazkia: © Sabino Arana Fundazioa.