Virginia Díaz Areetako Raspas del Embarcadero Arraun Taldeko arraunlaria, besteak beste, EAEko txapeldun absolutua da jarleku mugikorreko modalitatean, Espainiako txapelduna 23 urtez azpikoetan eta brontzezko domina absolutuan, eta estatuko txapelduna ergometroko arraunean. Meritu horiei esker lortu du Getxoko iazko kirolari onenaren saria. Junior kategorian, munduko txapelduna izan zen skiff modalitatean eta munduko txapelduna ergometrokoan. Espainiako hainbat Txapelketetan urrezko 11 domina, zilarrezko 5 eta brontzezko 6 lortu ditu.
Arraunlaria oso pozik zegoen eta oso hunkituta, aldi berean, jasotako sariagatik. “Egia esan, arraunak ahalegin handia eskatzen du, dedikazio handia ere. Eta harro nago horregatik saritu nautelako. Garrantzitsuena hazten jarraitzea da, hobetzen jarraitzea. Oso harro nago aurten kirolean lortutako guztiagatik. Espero dezagun motibatuta segitzea, hobetzen segitzea ”, aipatu zuen 2013ko Getxoko kirolari onena izendatzen duen saria jasotakoan.
Sari gehiago
Imanol Landa alkateak nabarmendu zuenez, “saritutako pertsonek gizarte guztiek aurrera egiteko behar dutenaren adibide onena erakusten dute. Beren talentua, lana eta hobetzeko ahalegina, kirolean garbi estimatzen diren baloreak, etorkizunean gizarte eta udalerri gisa ditugun erronkei eusteko balio eta inspiratuko diguten berberak dira”. Izan ere, Kirolaren Galan Udalak 15 sari eman zituen guztira, banakako eta urteko kirolari onenaren sariekin batera, udalerriko zenbait taldek lortutako garaipenak aintzat hartzeko, baita kirolaren alde eta kirolarentzat lan egiten duten pertsonak eta elkarteak ere. Izan ere, taldeka, “Getxo Kirol Berriak” saria eman zieten Getxoko Aixerrota BKT boleibol taldeari, emakumezkoen kategorian, bere ibilbideagatik, aipagarria baita: Euskadiko txapeldunak umeen bigarren urtean, kadeteko bi urteetan eta gazte mailako hiru urteetan. Eta mutilen kategorian, sari bikoitza izan zen, Getxo eta Arenas Club-eko gazte taldeentzat, futbolean Ohorezko Mailara igotzea lortu baitute.
“Getxo Kirol Sariak” izan dira aurten, batetik, Getxo Arrauneko neskentzat, batelen Euskadiko txapeldunorde eta Bizkaiko Liga eta Txapelketako txapeldunak direlako. Eta bestetik, mutilei dagokienez, Getxo Igeriketa Waterpolorentzat, Euskal Herriko eta Bizkaiko txapeldun absolutuak baitira, 4x50 eta 4x100eko estilo librean eta brontzezko domina Espainiako Txapelketan, 4x50 librean.
Bestalde batetik, sari bereziak honako kirolari eta talde hauentzat izan dira: “Aitzindaria”, Koldobi Etxeberria Athleticeko jokalari izandakoa. “Kiroltasuna”, kirol ibilbidea saritzen duena, Miguel Ignacio Gutierrez. 22 urtez Athletic Clubeko eta baita Espainiako Futbol Selekzio nagusiko fisioterapeuta izandakoarentzat da. “Getxo Berrituz”, berrikuntza saritzen duena, Kepa Acero surflaria, 18 urterekin Europako junior txapelduna, bere proiektuagatik, “5 olatu, 5 kontinente”. “Getxo Zabala” saria, altruismoari, Algortako Landeta Akademiarentzat izan da aurten, areto-futboleko taldeen babesle izateagatik.
Eta “Aparteko Sariak” jaso dutenak dira, batetik, Alain Goikoetxea skaterra, estiloan maisu eta Europako bowls zirkuituan kirolari garrantzitsua; eta, bestetik, Fadura Tenis Kluba, Euskadi-Nafarroa-Errioxa-Kantabriako 6 txapelketen irabazlea denboraldi berean, hainbat kategoriatan. Emaitza historikoa.