"Euskarak Euskal Herria du bizitoki bakar eta, jakina denez, egoera gutxituan dago. Gainera, gurean beste hizkuntza ugari bizi dira, asko azken urteetan etorri diren pertsonek ekarriak. Aniztasuna, beraz, etxean daukagu. Bakoitzak bere hizkuntza zaindu eta erabiltzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ere ikasiz gero, denok aberastuko gara, eta bakoitzak bereari uko egin gabe, euskara izan dadila guztion arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza", azaldu dute.
Euskaltzaleen Topaguneak hainbat urte daramatza euskara eta aniztasun gaiak jorratzen, eta hiztegitxoak.eu webguneak norabide horretan "pausu bat gehiago emango du", hainbat esparrutan baliagarri izan daitekeelako, hala nola eskola eremurako. Honela, elkar harremanerako oinarrizko hiztegi hauekin, elkarren arteko ezagutza eta aitortza bultzatu nahi da euskara erdigunean jarriz.
Topagunea
Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute, tartean dozena erdi Uribe Kosta eta Erandiokoak: Berbalamiñe, Berbots, Bizarra Lepoan, Boluntzarreta, Egizu eta UKBERRI.NET argitaratzen duen Ukberri Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartea. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburuak euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko sentsibilizazioa bultzatzea dira. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.