Gure Esku Dago ekimena aurkeztuko dute gaur Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 16a, 17:08

Pasa den ostiralean Sopelan jendaurreko aurkezpen "arrakastatsua" egin ondoren, Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko dinamika herritarrak gaur iluntzean emango du hurrengo pausua, Algortan. Izan ere, 20:00etatik aurrera, Angel Oiarbide Gure Esku Dago taldeko bozeramalea solastatuko da Algortako Fadura kiroldegian. Ekitaldian zehar aurkezpenak egin eta datorren ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen giza katearen prestakuntzaren berri emango du. Gure Esku Dago plataforman parte hartzen dutenek 123 kilometroko giza katea egin nahi dute erabakitzeko eskubidearen alde, eta, hain kate luzea osatu ahal izateko, milaka katebegi behar dira, milaka herritarren sostengua eta konpromisoa. Uribe Kostan zehar herri ekimenak hainbat aurkezpen egin ditu, hala nola, Sopelan eta Astrabuduan. Era berean, azaroaren 24an Erandioko Altzaga auzoan egingo dute gaurkoaren hurrengoa. Bestelako herrietan ere badira plataformako taldeak: Leioan, Berangon eta Itzubaltzeta / Romon, besteak beste. Argazkian, Angel Oiarbide artxiboko irudian / cc-by-sa Eneko Azkarate - Goiena.net.

Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko; hortaz, eskualde bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz batzuk egokituko zaizkio, eskualde horretako herritarrak puntu horietara joan daitezen giza katea osatzen dela ziurtatze aldera. Mobilizazioan parte hartu nahi dutenek bi bide dituzte horretarako: alde batetik, tokian tokiko plataformekin harremanetan jartzea dago. Plataforma bakoitzak zehaztuko die bere herriko lagunei ibilbidearen zein puntutan egon behar duten, datuak hartuko dizkie eta txartel bat emango die, hartutako konpromisoaren adierazgarri.

Parte hartzeko bigarren modua Interneten bidez da. Sarean Gureeskudago.net webgunean sartuta, giza katean parte hartu nahi duenak bere datuak eman beharko ditu, eta, eskualdearen arabera, automatikoki ibilbideko leku batzuk proposatuko zaizkio, horien artean bat aukera dezan. Interneten bidez izena ematen duenak badu beste aukera bat, "Hemen behar zaitugu" estekan klikatuta: bizilekuaren arabera egokituko litzaiokeen tokiaren ordez, betetzeko zailenak izango diren puntuetako batera joateko konpromisoa hartuko du aukera hori hautatzen duenak. Parte hartzaile guztiei bost euroko diru ekarpena eskatuko zaie.

2008ko San Blas eguna

"Bizi dugun momentua kontutan hartuta, nazioa garela eta askatasunez gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula lau haizetara zabaltzeko" aurkeztu zen Gure Esku Dago, ekainaren 8an, Irungo Ficoba aretoan. Jatorria topatzeko, baina, urte batzuk lehenagora begiratu behar da, 2008ko San Blas egunera, Idiazabalgo Nazioen Mundua ekimena sortu zenean. Handik aurrera, "Gazta zati bat" dokumentalak izan duen oihartzunari esker, Nazioen Mundua ekimenak egin duen lana, Eskozia eta Kataluniako eragileekin izandako harremanak eta eremua Idiazabaldik Gipuzkoako Goierri bailarara handitu izana ezagutzera eman dira Euskal Herri osoan, eta ildo horri jarraituz hainbat herritan erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarren dinamika piztu da, Gure Esku Dago sortzera eraman duena.

Gure Esku Dago zer den 7 minutu eta erditan azaltzen duen bideoa (cc-by-sa Gure Esku Dago)



Gure Esku Dago abestiaren bideo-klipa (cc-by-sa Gure Esku Dago)



Gure Esku Dago ekimenaren Ficobako aurkezpenerako egindako bideo deialdia (cc-by-sa Gure Esku Dago)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun