Ansolaren aburuz, “Fadurako lan hauek ahalmen hidraulikoaren hobekuntza nabarmena ekarriko dute Gobelaren arro osoan”. Izan ere, lanok “Gobela ibaiaren egokitze hidrauliko eta ingurumena berreskuratzeko proiektua” deritzonaren 4. fasean kokatzen dira. Proiektuak bilatzen du aurre egitea arro horren 4 kilometrotan sarri ematen diren ur goraldiei. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak gogora ekarri nahi izan du Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren "konpromisoa" Gobela arroko segurtasunarekin. Horren adibide gisa jarri ditu “azken 20 urteetan ur goraldiei aurre egiteko Getxon egindako ekintza sorta; tartean, 1994ean egindako Cristobal Valdeseko gainezkabide berria, Etxezuri-Larranazubi edota Salsidun egindako hobekuntza hidraulikorako lanak. Eta, nola ez: ur hustuketa ahalmena zeharo hobetuko duen eta orain abian diren Errekagane inguruko lanak. Azken eremu horretan bakarrik 14 milioitik gorako inbertsioarekin”.
Ansolak adierazi du 4. faseko lan hauek abian izango direla 2015ean: “prozedura administratiboaren mugarriak pasatu ondoren, 4. faseko lan hauek egiten hasiko gara 2015eko lehen hiruhilabetekoan. Lanek 12 hilabeteko iraupena izango dute, eta, horretarako, 4,1 miloi eurotako inbertsioa egingo dugu”, esan du. Haren hitzetan, EAEn uholde kudeaketan egin beharreko "ekintzarik garrantzitsuenetarikoa" da Gobelaren Egokitze eta Hobetze hidraulikorako proiektu globala.
Urrats erabakigarria
Bere aldetik, Imanol Landa Getxoko alkateak azpimarratu duenez, “albiste paregabe baten aurrean aurkitzen gara, lan hauekin URAk Gobelarako duen proiektuaren 4. faseak biribiltzen dituelako; eta, hain zuzen ere, uholdeak jasateko arrisku gehien duten hiri-eremuetan. Urrats erabakigarri bat da denon lasaitasun eta segurtasunerako. Proiektuan, bost urteko aldian, 2009tik 2014ra, ahalegin handia egin dugu inbertsio aldetik, 30 milioi eurotik gorakoa, tartean udal saneamendua osorik zaharberritzeko 6 milioiak”.
Galeraren iritziz, “Fadurako 4. faseari dagozkion bideratze lan hauek EAEn uholdeen kudeaketaren arloan egin beharreko lan garrantzitsuen artean dago. Horren harira gogoratu behar da, URAk —beste administrazio batzuekin batera— EAEko Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluazioa (UAAE) egin zuela 2011an, Uholde Arriskuaren Ebaluazio eta Kudeaketarako Europar Zuzentarauak esandakoari jarraiki. UAAEk uholdeak pairatzeko arrisku gehien dituzten eremuak definitu zituen. Alegia, zeintzuk diren uholdeak izateko probabilitate handieneko lurraldeak, eta zeintzuetan izango diren eragin esanguratsuenak pertsona, ondasun edota azpiegiturentzat”.
Ingurumen sailburuordearen esanetan, “azterketa horrek argi utzi zuen gure lurraldearen zaurgarritasuna uholde arriskuari dagokionez: 100 Uholde-Arrisku Handiko Eremu (UAHE) zehaztu ziren EAE mailan, gehienak EAEko kantauriar isurialdean. Horietako bat da, hain zuzen ere, Gobelareko ingurua, Getxon, non, orain Faduran ere bideratze lanak egingo diren”. Faduran egingo diren lanen proiektua ezagutarazteko, URAko webgunean, URAko Mendabaldeko Kantauriar Arroetako Bulegoan eta Getxoko Udalena izango dira eskuragarri.