Auzitegi Nazionalean epaitutako herritarrei elkartasuna adieraziko diete bihar 150 getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 17a, 11:30

Dagoeneko 150 getxoztarrek baino gehiagok bere atxekimendua eman diete 35/02 sumarioan auzipetuta dauden Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrei eta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren beste 74 euskal herritarrei, zein Itzubaltzeta / Romoko Branka, Algortako Gorrondatxe zena eta sumarioan sartuta dauden gainontzeko herriko tabernetako ordezkariei. Horien artean, kirolari, politikari, zinegotzi, kazetari, irakasle, eta elkarte desberdinetako ordezkariak daude, Libre Getxon epaiketa politikoen kontrako herri mugimendu anitzak baieztatu duenez. Horiekiko elkartasuna agerian uzteko, larunbat honetarako, urtarrilak 18, elkartasun eguna antolatu dute. Goizeko 11:30ean da hitzordua Algortako Txiki Otaegi plazan. Ordu horretarako prentsaurreko masibo bat antolatuta dago eta horretan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Bigarrenik, prentsaurrekoa bukatzean, "elkartasunak eta konpromisoak bultzatuta", Algortako zenbait kirolarik ekimen berezi batean parte hartuko du. Herri kirol desafioa izango da eta horretan 6 arraunlarik, 6 errugbilarik, 6 futbolarik eta 6 surflarik parte hartuko dute, taldeka. Apustuak ere egin ahal izango dira eta diru horren zati bat Libre kanpaina zein epaiketek sortutako galera ekonomikoa leuntzeko erabilia izango da. Bukatzeko lunch gozoa (eta musikatua) dastatzeko parada izango da. Argazkian, Jose Luis Franco eta Maite Amezaga 35/02 sumarioko auziperatuak 2013ko urriaren 18an Algortan egindako giza-katean / © Libre Getxon.

Urriaren 14an hasi ziren epaitzen Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Horretaz gain, hilaren 17an abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa. "Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute 35/02 sumarioko epaiketaren ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Horien artean dira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak, Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra, Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea eta hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra.

Besteak beste, Franco eta Amezagari zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu duenez. Bestalde, Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.

Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.

Herriko tabernak

Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon dira Madrilen, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki du epaileak. Akusazioen arabera, "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.

Ekimeneko kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun