Gaur amaitzen da epea Larrakoetxeko BOE berrietan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 17a, 12:30

Larrakoetxeko babes ofizialeko etxebizitzen promozio berrian izena emateko epea gaur amaitzen da, Leioako Udalak iragarri duenez. Aipatu gunean eraikiko dira 118 etxebizitza eta horiek ere kooperatiban salduko dira. Hain zuzen ere, azken zozketa (Torresoloko hirugarren promozioa) egin aurretik, "berriro ere, kooperatiba pribatu batek jabegoan BOEak eraikitzeko, Udalaren lurzoru publikoa saltzea" egotzi zien Leioako EH Bilduk EAJ eta Ezker Batuari. "Hala ere, gutxik dakite zozketan irabazle izan diren leioaztarrek 3 milioi euro ordaindu beharko dizkiotela Udalari, lurzoru publiko hori erosteko", azaldu zuen "Hurbildu" aldizkariaren azken alean koalizio soberanistak. Larrakoetxeko promozioari dagokionez, BOEak eraikitzearekin batera zonaldeko urbanizazioa etorriko da, Artatzagane eta Sarriena auzoak lotuz. Etxebizitzen zozketan izena emateko, Etxebiden inskribatuta egon arren, interesatuek dokumentazioa aurkeztu beharko dute Gescoviko bulegoan (Sabino Arana, 12), gaur, ostirala, 08.00etatik 14.00etara. Argazkian, etxebizitzak eraikitzeko lanak Leioan, artxiboko irudian / © Leioako Udala.

Etxebizitza horiek lehenik eta behin leioaztarrentzat izango dira, hau da, azken sei urteotan gutxienez hiru urtez Leioan erroldatuta egon diren herritarrentzat. Aurreko kolektiboari etxebizitza guztiak esleitzen ez bazaizkio, gainerakoak Leioan lan egitearen irizpide pean eskainiko dira (hiru urtez azken sei urteotan). Eta azkenik, aurreko bi kolektiboei etxebizitza guztiak esleitzen ez bazaizkie, gainerakoak edozeini eskainiko zaizkio, Leioako errolda baldintzak edo Leioarekin lan-lotura baldintzak bete ez arren. Hala ere, aurreko bi kolektiboek bezala, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestua erosteko bere araudian ezartzen dituen baldintzak bete beharrekoak dira, edozein kasutan.

Promozioari, inskripziorako baldintzei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia web gune honetan www.gescovi.es kontsulta daiteke, edota 944 803 148 telefono zenbakian. Etxebizitzak notario aurreko zozketa publiko bitartez esleituko dira. Zozketaren data aurretiaz jakinaraziko da udal komunikabideetatik eta inskribatuei idatziz egingo zaie deialdia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun