Mila atleta baino gehiago espero dituzte Algortan hilaren 26ko Itxartu Taldearen Krosean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 17a, 19:33

Urtarrilaren 26an, igandez, XXVIII. Itxartu Taldearen Krosa egingo da Algortako erdialdean. Getxo udalerriko aurtengo atletismo lasterketei emango die hasiera herri proba horrek, izen bereko taldeak antolatuta eta Udalak Getxo Kirolak erakundearen bitartez babestuta. Itxarturen urteko lasterketa egutegiak beste hitzordu garrantzitsu batzuk jasotzen ditu, Milia eta Itziar López de Uralde Oroi-Lasterketa, besteak beste. Hori guztia, Getxo Europako Kirolaren Hiria den urtean, tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Álvaro González Kirol zinegotziak eta Ricardo Ansotegui Itxartu Taldeko ordezkariak aurkeztu dute gaur goizean lasterketa. "Oso sendotuta dagoen lasterketa den arren, urtetik urtera jarraitzaile gero eta gehiago batzen ditu. Gero eta gehiago dira proban parte hartzen duten atletak, mila inguru iaz —979 atleta, hain zuzen—, kutsu herrikoi itzela eman diotelarik", nabarmendu dutenez. Antolakuntzaren izenean, Ricardo Ansotegik probaren parte-hartzeak izan duen bilakaera azpimarratu du, sei urtean 176 atletatik 979ra, beste lasterketa batzuetan, hala nola, Milian eta Itziar López de Uralde Oroi-Lasterketan, gertatu den bezala. “Horregatik, uste dugu mila atletaren kopurura irits gaitezkeela aurten, beti ere eguraldia lagun badugu, euriak asko murrizten baitu parte-hartzea. Edonola ere, jai handia izango da”. Argazkian, txikienak Itxartuko krosean, aurreko edizioetako batean / © Itxartu Taldea.

“Eta izaera herrikoi hori da, hain zuzen ere, goraipatu eta indartu nahi duguna Getxo Kirolak erakundean eta Udalean, baita Itxartu Taldean ere, lasterketaren antolakuntzan, berezia izango den urtean, dagoeneko berezia izaten ari dena, Getxoko kirolari dagokionez, Europako Kirolaren Hiria baikara, eta gure leloa gogoratuz, ‘talde bat gara’”, esan du Álvaro González zinegotziak. Iaz bezala, Getxo Kirolak erakundeak, jendearen parte-hartzea handitzeko lagundu nahian, udalerrikoak diren lasterkarien artean zazpi sari zozketatuko ditu. Lasterketa 11:00etan abiatuko da Algortako Etorbidetik —toki horretan ere kokatuko dute helmuga—, txikienen probarekin (330 metro) eta 12:30ean irtengo den senior mailakoarekin amaitzeko. Azken horrek 5.500 metroko distantzia izango du. Lasterketa guztietan neska eta mutilak arituko dira batera, nahiz eta maila bakoitzean bi sailkapen egongo diren. Ibilbidea iazko berbera izango da.

11:00etatik 13:00etara, bidea itxi egingo da tarteka ibilgailuentzat Algortako etorbidean eta inguruko kaleetan, hala nola, Zabala, Torrene, Amezti, Mariandresena eta Telletxen. Neurri hori ulertzea eskatu die Kirol zinegotziak auzotarrei. Halaber, herritik kanpo bizi diren korrikalari guztiei metroz Algortako geltokiraino etorri daitezela aholkatu die Itxartu Taldeak, geltoki eta lasterketaren irteeraren artean 300 metro baino ez baitago. Eta ibilgailuz etorriz gero, kotxea Portu Zaharreko zabalgunean uztea gomendatu du.

Sariak, garaikurrak eta izenemateak

Getxo Kirolak udal erakundeak zozketatuko dituen zazpi sari herrikoiez gainera, maila bakoitzeko irabazleei garaikurrak emango zaizkie, eta ume mailako eta adin txikiko guztiei oparitxo bana emango zaie helmugara iritsitakoan, baita dohako hamaiketatxoa hartzeko txartela ere.

Izen-ematea doan da parte-hartzaile guztientzat eta ostiralera arte, hilaren 24ko 24:00ak arte, egin ahal izango da www.itxartu.com webgunean, edo Getxo Kirolak, Kantxa Kirol Moda edo Gaztañaga Kirolak dendetan hilaren 24ko 19:00ak arte. Lasterketa egun berean ere egin ahalko da, proba bakoitzaren hasiera baino ordu erdi bat lehenago irteera lekutik gertu, Algortako batzokiko jolastokian.

Informazio gehiago: www.itxartu.com.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun