Algortako Fadura aldeko zubia botatzeko lanak 2015era arte "atzeratzea"
aurpegiratu die Getxoko PPk URA Uraren Euskal Agentziari eta Udalari.
Horixe bera iragarri zuten atzo bi erakunde publikoetako ordezkariek. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen iritziz, "badirudi argazkian ateratzea baino ez zaiola axola Imanol Landa alkateari". Bere hitzetan, agintari jelkideak "jaramonik ez die egiten Udalean adostu eta Uholdeen Batzordean berretsitako kontsentsuei". Getxoko PPko buruak gogoratu du azken horretan auzotarren elkarteak ere ordezkatuta daudela. Horrenbestez, Landak "aurpegia ez ematea" tamaldu du Arruek: "aukera ona zuen batzarra deitu eta auzokideei zein oposizioko alderdiei aldaketa horien berri emateko. Hala ere, nahiago izan du isilpean aritu, kritikei aurre egin nahi izan gabe". Argazkian, Fadurako zubia 2013ko urtarril erdialdeko euriteetan.