Otsailaren 20ra bitartean, besteak beste, Leioa eta Erandioko campuseko liburutegi nagusian ikusgai egongo da
Albert Camus idazle frantsesaren bizitzari eta obrari buruzko erakusketa digitala,
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatuta. Aipatu tokian ez ezik, ondoko guneetan ere ikusi ahal izango da: Bizkaia Aretoa (Abandoibarra, 3. Bilbo), Esperientzia Gelak (Espainiako Bankua, 2. Bilbo) eta Meatze eta Herri-lan Ingeniaritza Eskola (Rafael Moreno Pitxitxi, 2. Bilbo). Bilboko Institut Française-n eta Kulturbasque egitasmoaren arteko elkarlanaren emaitza den esposizio honek intelektual garrantzitsu horren jaiotzaren mendeurrena ospatu nahi du, EHUko iturriek zehaztu dutenez. Horretarako, Albert Camusen bizitza eta obra landuko dituen erakusketa digital eta interaktiboa izango dute eskuragarri QR kodigoa irakurtzeko gailua duten telefono mugikorren jabeek. Hartara, entzuteko eta irakurtzeko hainbat idazlan izango dira eskuragarri. Gainera, Liburutegi Nagusiak Albert Camusen hainbat idazlanen aukeraketa bat egingo du, irakasleek, ikertzaileek, ikasleek edo administrazio zerbitzuetako langileek idazle horren lanekin gozatu ahal izateko. Argazkian, Albert Camus idazle frantziarra / cc-by-sa Dietrich Liao.