Getxoko EH Bilduk aitortu duenez, komunikabideen bidez jakin zuten 2015eko lehenengo hiruhilekoan has litezke Gobela ibaia egokitzeko lanak Algortako Fadura inguruan. Horixe bera iragarri zuten joan den ostegunean URA Uraren Euskal Agentziaren eta Getxoko Udalaren ordezkariek. Gauzak horrela, koalizio soberanistak "bere kezka" adierazi du errekaren egokitze hidrauliko eta ingurumena hobetzeko proiektuaren laugarren fasearekin "bukatutzat emango ote diren" Gobelan egin behar diren lanak. "Gobernu jertzaleak ez du aldaketa hauen berri eman oposizioko alderdiak eta auzotar elkarteak ordezkatuta dauden Uholde Batzordeari. Horregatik, Getxoko EH Bildutik salatu egiten dugu Uholde Batzorde hau konbokatu ez izana erabakiak euren kabuz hartuz", adierazi dute ezkertiarrek. Atzo bertan beharrezko izapideak udal erregistroan eginez eskatu zioten Imanol Landa EAJren alkateari Uholde Batzordea deitzeko. Argazkian, Fadurako zubia 2013ko urtarril erdialdeko euriteetan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!