Ostiralera arte dago Itxartu Taldearen Krosean aldez aurretik izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 22a, 18:25

Igande honetan, urtarrilak 26, XXVIII. Itxartu Taldearen Krosa egingo da Algortako erdialdean. Getxo udalerriko aurtengo atletismo lasterketei emango die hasiera herri proba horrek, izen bereko taldeak antolatuta eta Udalak Getxo Kirolak erakundearen bitartez babestuta. Lasterketa 11:00etan abiatuko da Algortako Etorbidetik —toki horretan ere kokatuko dute helmuga—, txikienen probarekin (330 metro) eta 12:30ean irtengo den senior mailakoarekin amaitzeko. Azken horrek 5.500 metroko distantzia izango du. Lasterketa guztietan neska eta mutilak arituko dira batera, nahiz eta maila bakoitzean bi sailkapen egongo diren. Ibilbidea iazko berbera izango da. Izen-ematea doan da parte-hartzaile guztientzat eta ostiralera arte, hilaren 24ko 24:00ak arte, egin ahal izango da www.itxartu.com webgunean, edo Getxo Kirolak, Kantxa Kirol Moda edo Gaztañaga Kirolak dendetan hilaren 24ko 19:00ak arte. Lasterketa egun berean ere egin ahalko da, proba bakoitzaren hasiera baino ordu erdi bat lehenago irteera lekutik gertu, Algortako batzokiko jolastokian. Argazkian, txikienak Itxartuko krosean, aurreko edizioetako batean / © Itxartu Taldea.

Getxo Kirolak udal erakundeak zozketatuko dituen zazpi sari herrikoiez gainera, maila bakoitzeko irabazleei garaikurrak emango zaizkie, eta ume mailako eta adin txikiko guztiei oparitxo bana emango zaie helmugara iritsitakoan, baita doako hamaiketakoa hartzeko txartela ere.

Bide mozketak

11:00etatik 13:00etara, bidea itxi egingo da tarteka ibilgailuentzat Algortako Etorbidean eta inguruko kaleetan, hala nola, Zabala, Torrene, Amezti, Mariandresena eta Telletxen. Neurri hori ulertzea eskatu die Kirol zinegotziak auzotarrei. Halaber, herritik kanpo bizi diren korrikalari guztiei metroz Algortako geltokiraino etorri daitezela aholkatu die Itxartu Taldeak, geltoki eta lasterketaren irteeraren artean 300 metro baino ez baitago. Eta ibilgailuz etorriz gero, kotxea Portu Zaharreko zabalgunean uztea gomendatu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun