Bizkaiko EAJko kideen "klientelismo" kasuak aipagai izango dituzte bihar Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 22a, 19:30

"Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y `fontanería' en el PNV" izenburuko liburuaren aurkezpena izango da ostegun honetan, urtarrilak 23, Sopelan. Meñakoz Kultur Elkarteak antolatutako saioa 19:30ean izango da, Kurtzio kultur etxean. Bertan izango Ahoztar Zelaieta kazetaria eta liburuaren egilea. Hurrenez hurren, hilaren 28an eta 31n, Leioan eta Plentzian izango dira aurkezpenak, liburuaren egileak bereak UKBERRI.NETi jakinarazi dionez. Azken ekitaldi hori Kandelaria elkarteak antolatu du, 19:00etan, Goñi Portal kultur etxean. EAJrekin lotuta, Administrazio Publikoaren edo Ogasunaren kontrako delituak, ustelkeriagatik zein finantziazio irregularragatik prozesu judizialak.... batu ditu Txalaparta editorialak plazaratutako liburuan Ahoztar Zelaieta kazetariak, Naiz.info iturri hartuta Uribe Kosta eta Erandioko agerkari honek azaroan zabaldu zuenez. Horretaz gain, jelkide ezagunekin zein beraien familiarrekin harremana daukaten enpresa pribatuak ditu aipagai "Egin" egunkariko ikerketa taldeko kide eta "Ardi Beltza" aldizkariko editore izandakoak. Zelaietak batutako agiri ofizialen arabera, Uribe Kosta eskualdera ere heltzen dira "Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y `fontanería' en el PNV" izenburuko lanean aipatutako "klientelismo" kasuak. Besteak beste, Getxoko zein Leioako udalek urte guzti hauetan hainbat zerbitzuetarako kontrataturiko Alaiki Zerbitzu Gizakulturalak SL enpresa jarri du horien artean kazetariak. Gotzon Bilbao burukidea da sozietate horren arduraduna. Argazkian, Ahoztar Zelaieta / © Txalaparta argitaletxea.

Baina, "gorago" ere heldu da Ahoztar Zelaieta kazetariaren ikerketa: Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente izandako Juan Maria Atutxa Mendiolaren familiaraino heldu da. Ustezko "klientelismo sare" horren barruan egongo litzateke María Ángeles Atutxa Mendiola Sabino Arana Fundazioaren egungo presidentearen arreba. "Construcciones Ekin SL enpresarekin lotuta" dago eta aipatu sozietateari, besteak beste, Lemoizen esleitu zizkieten lanak.

"Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y `fontanería' en el PNV" izenburuko liburuan Asier Arzalluz EAJren buruzagi historikoaren semea ere aipatzen du Zelaietak, De Miguel edo Miñao auziaren harira. Leioako EAJko zinegotzi izandako Iñaki San Juan Bilbao da Ortzi Muga (2006ko apirilean eratua) eta Errexal (2005eko urrian sortua) enpresen "administratzaile bakarra". Sumarioan jasotzen denez, ustez erakunde publikoetatik arrazoitu gabeko zenbait kontratu eta diru jaso zituzten hiru enpresen artean daude horiek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun