Getxo Rugby Taldea utzi behar izan du Todd Dammers entrenatzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 23a, 11:47

Todd Dammersek eten egin du Getxo Artearekin 2014ko maiatzaren 31ra arte zeukan kontratua bere aitak duen gaixotasun larria dela eta, rugby talde hori-beltzeko iturriek jakinarazi dutenez. Entrenatzaile australiarra bere herrira itzuliko da eta Bryce Bevin ariko da bere ordez beste behin ere. Beraz, era horretan, zeelandaberritarrak bere bigarren etapa beteko du klub getxoztarraren buruan. Aurrekoan, 2010-2011 denboraldian, taldea Ohorezko Mailara itzuli zenean, lan txukuna egiteaz gain, Getxo Artea txapelketaren finalerdietarako sailkatu zuen, liga erregularra bostgarren postuan amaitu ondoren. Beranduago, Espainiako hautatzaile aukeratu zuten eta talde getxoztarra utzi zuen. Bere ibilbide berria hasteko, erronka zail bati egingo dio aurre Bevinek. Larunbat honetan, 16:00etan, Getxo Arteak Ligari ekingo dio berriro eta Galiziara bidaiatuko du, Vigo Rugby taldearen aurrean aritzeko. Kopako final-laurdenetan Quesosen aurka jasotako kanporatzea ahaztu beharko dute getxoztarrek, Todd Dammersek zuzendu zuen azken lehia. Argazkia: © Getxo Rugby.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun