Getxoko Udalak kirol-turismoko eskaintza aurkeztu du Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 23a, 17:26

Imanol Landa Getxoko alkateak, Inazio Uriarte Turismo Arloko zinegotziak eta Gonzalo Terceño Pakea Bizkaia gizarte-hezkuntzazko proiektuaren zuzendari administratiboak, turismo-paketeen eskaintza aurkeztu dute ostegun honetan Madrilen, Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur). Horiez gain, ekitaldian izan dira Itziar Epalza, Eusko Jaurlaritzaren Komertzio eta Turismoko sailburuordea; Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Kirolen zuzendaria; eta, Gabino Martinez de Arenaza, Bizkaiko Foru Aldundiaren Turismo eta Kanpo Sustapenerako zuzendaria. Pakete horiek "Getxok kirolaren Europako Hiri modura sustatzen duen aisialdi osasungarriko kirola dute oinarri", udal iturriek zehaztu dutenez. Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta egindako aurkezpena erakunde horren stand-ean egin da, eta bertan "Euskadiren berezitasunak" erakusten dira. Landak azaldu du Getxo kirola irrikaz bizi duen udalerria dela, “hirien garapena eta bizi-kalitatea hobeto definitzen duen giza adierazpideetako bat”. “Europako sariak, alkateak aipatu duenez, erakundeek, elkarteen sareak eta herritarrek elkarrekin bizi-estilo osasungarri, atsegin baten alde egindako lana berresten du, ingurunea eta pertsonak zaintzen dituztenak. Eta hori guztia, gainera, bertan bizi direnentzat nahiz bisitarientzat aparteko eskaintza batean islatzen da”, azpimarratu du alkate getxoztarrak. Argazkian, Imanol Landa alkatea, hirugarrena ezkerretik, gainontzeko ordezkariekin gaur Madrilen / © Getxoko Udala.

Kirola ondoen kudeatzen duen Europako hirien sarean sartu ostean, Getxoren sustapenari lotutako produktuen lerro berri bat prestatu da, udalerria kultur helmuga eta helmuga osasungarri modura ikusita. Proposamenak esperientziak partekatzen uzten duten turismo-produktuetan oinarritzen dira, eragina dutenak, alde batetik, kirol-jarduera adin guztietan orokorra izan dadin, eta bestetik,osasun, integrazio, hezkuntza eta errespetuan oinarritutako ikuspegi bat izaten: jarduera fisikorako eta aisialdi osasungarrirako aukerak.

Landaren hitzetan, "Getxoko kostaldeak eta inguruko hondartzek aukera handiak eskaintzen ditu aisialdi osasungarriko hainbat jardueraz gozatzeko. Hala, Getxoko Turismo Sailak okasio honetarako bela, motordun nabigazio, txirrindularitza edo trekking-ari lotutako bost turismo-pakete prestatu ditu kostalde guztian zehar, gure udalerrira datozen bisitarientzat oso erakargarriak direnak”.

Horrela prestatu den lehen produktua “Getxo-PER ontzian” izenekoa da: Aisiarako Itsasontzien Patroi izateko Ikastaroa da, eta bertan ontzian ibiltzen zara udako aste batean segurtasun, nabigazio eta belako programa teoriko nahiz eskola praktikoak eginez eta, aldi berean, euskal kostaldean zehar kruzero bat egiten duzu, zenbait portu eta ainguratoki ezagutuz.

Bigarren produktua “Euskal kostaldea belaontzian” izenekoa da: ikuspegi ezberdin batetik Bizkaia eta Gipuzkoako portu eta herri arrantzaleak ezagutzen dira era guztietako erosotasunak dituzten belaontzi modernoetan, aparteko paisaiarekin erabat gozatzeko aukera izanik.

Hirugarren produktuak “Euskal kostaldean zehar belaontzitik ilunabarra” ikusteko eta harekin gozatzeko aukera eskaintzen dizu: Abratik nabigatzen den bitartean, Algortako Portu Zaharreko bistekin goza daiteke, bertako gastronomiako gutiziak dasta daitezkeen gune tradizionala dena; horrez gain, Galeako itsaslabarren parean nabigatuko da, Lurraren historia duena eta bertako haitzetan balio kalkulaezineko sekretuak gordetzen dituena.

“Getxoko txirrindularitza-jardunaldiak 2014” ere antolatu da. Bertan txirrindularitza-jarduera nutrizio-programarekin eta espezialistek nahiz txirrindulari ezagunek egindako aurkezpenekin nahasten da, bizikletarekin zerikusia duten gaietan, adibidez: entrenamendu egoki baten plangintza, bizikletari buruzko biomekanika, nutrizio prebentiboa eta terapeutikoa.

Azkenik, “Trekking Getxo, itsasoa eta itsaslabarrak” paketea ere eskaintzen da. Gidari batek lagunduta, Arrigunaga eta Aizkorri-Gorrondatxe hondartzetan dauden itsaslabar ikaragarriak deskubritu ahalko dira. Azken hondartza horretan, gainera, inguru horretako geruzak, historiaurrea ikus daitezke harrien eskutik. Azkorri / Gorrondatxeko hondartzako itsaslabarren haitzetako geruzak Lutetiar geologia-aldiko erreferentziatzat hartu dira. “Urrezko iltzea” izeneko aitortza dute, eta aitorpen hori jasotzen dute estratigrafiaren munduan bitxitasun eta propietate bereziak dituzten lekuek.

Bi mila lehiaketa urtean

"Getxon urtez urte 2.000 lehiaketa baino gehiago egiten dira eta 45.000 pertsonek parte hartzen dute", udal arduradunek azpimarratu dutenez. Haien artean, lehen mailako zenbait ekitaldi nabarmendu behar dira, esaterako: triatloiko Extreme Man Zirkuituko probetako bat, Txirrindularitzako Nazioarteko Zirkuitua eta Punta Galea Challenge-a, Olatu Handien Munduko Zirkuituan dagoen surf-txapelketa eta urtetik urtera kirol horretako zale eta munduko elitearen artean gero eta oihartzun handiagoa duena.

Natura-esparru paregabea

Pakea Bizkaia proiektuaren zuzendari administratiboak (itsasontziaren hiru espedizioetan nabigatzaile profesionala eta ontzian bigarrena, Unai Basurkoren ondotik, zeinek ezin izan duen azokan izan bere alaba jaio berri delako) nabarmendu du Getxok 2014ko Kirol Hiriaren saria jaso izana. “Oso albiste pozgarria izan da. Pakea Bizkaiako talde guztiarentzat ohore bat da Getxoko irudia zabaltzen lagundu ahal izatea, eta jende guztia animatu du gure lurraldea, kultura ezagutzera hurbil dadin, eta are gehiago edozein kirol praktikatuz”, adierazi du Treceñok.

“Getxo beti itsasoari begiratu izan dion herria da, erantsi zuen, eta itsas kirolek garrantzia handia izateaz gain, praktikatzaile asko dituzte. Arraunketa, surfa, padelsurfa, igeriketa, bela… guztiak elkarrekin bizi gara eta elkarrekin gozatzen dugu itsasoa, natura eta natura-esparru paregabe batekiko errespetua izanik gure arteko lotura”, azaldu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun