Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak udaletara bidalitako gutun bateratua:
Euskadiko udalei zuendutako gutuna: Euskal Autonomia Erkidegoko ikur frankistak kentzeko Batzorde Teknikoa gomendio Irizpena
Abenduaren 26ko 52/2007 Legearen “Ikur eta monumen tu frankistak” 15. artikuluan ezarritakoa betetze aldera, 2012an, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak “Gerra Zibila eta diktadura goresten dituzten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoa” egiteko agindu zuen (aipatu legeak eskubideak aitortzen eta handitzen ditu, eta neurriak ezartzen ditu Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria nozitu zutenen alde). Katalogo horretan, Euskadiko hainbat udalerritan oraindik ere ageri diren ikurren kokalekua zehazteaz gain, katalogatutako ikurren jatorria eta helburuen berri ematen da.
Azterlan horrek egiaztatu zuen, bada, Euskadiko udalerrietan oraindik ageri direla era horretako ikurrak. Horrenbestez, Eusko Legebiltzarrak eskatu zion Giza Eskubideen Zuzendaritzari katalogo hori EUDELen eskura jartzeko eta euskal udalerrien elkarte horrekin batera «Euskadin ikur frankistak kentzeko Batzorde Teknikoa» eratzeko (Memoria Historikoaren Legean aipatzen den errolda egiteari buruzko 28/2011 Legez besteko proposamenaren bitartez egin zion eskaera hori).
Bost teknikarik osatu zuten batzordea, horietariko bi euskal udalerrietako ordezkariak zirela. Batzordearen xedea izan zen, alde batetik, katalogoa aztertzea, eta, bestetik, gomendio sistematizatuak biltzen dituen Irizpen bat egitea, erakunde publikoei zuzentzeko, Euskadin ageri den diktadura frankistaren garaiko sinbologia kentze aldera.
Hemen dago eskuragarri aipatu irizpena, ikur frankistak kentzeko jarraitu beharreko gomendioak biltzen dituena: https://euskadi.net/r47-contmh2/eu/contenidos/informacion/retirada_simbolos_franquistas/eu_dictamen/adjuntos/Dictamen_retirada_simbolos_franquistas_eu.pdf
Orobat, katalogoari zein irizpenari buruz edozein galdera egiteko edo informazio gehiago eskatzeko, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara jo daiteke, helbide honetan: derechos-humanos[abildua]ej-gv.es
Horren berri ematen dizugu, behar dituen ondorioak izan ditzan.
Gasteizen, 2014.ko urtarrilaren 16a