Fiskaltzak atentatu saiakerengatik jada zigortuta dauden Joseba Koldo Martin Carmona eta Lourdes Txurruka deklaratzera eraman zituen. Biek ala biek adierazi zuten Martinezek ez zuela afera horietan esku hartzerik izan.
Halere, fiskalak argudiatu zuen ETAko kide izatea onartu duenez, Martinezi "ETAk azken 20 urteotan egin dituen ekintza, komunikatu, su-eten eta tregua-hauste guztiak" leporatu ahal zaizkiola. Gauzak horrela, fiskalak bi hilketa terroristen saiakera egotzi zizkion preso urduliztarrari eta frogatutzat jo zuen Atutxa hiltzen saiatu izana. 1993ko azaroaren eta 1994ko irailaren artean izan ziren saiakerak. Lau aldiz saiatu zen komandoa Atutxa A-8an hiltzen. Horretarako 40 kilo lehergaiez osatutako bonba-autoa A-8 autobideko sarreran jarri zuten, Usansolon. Lau aldi horietan Atutxa ez zen bertatik esperotako orduan igaro, eta ez zuten autoa lehertarazi, fiskalaren arabera.
Bosgarren saiaketa Begoñako basilikan egin zuten, Atutxaren semearen ezkontzan. Bonba-maletatxo batekin saiatu ziren, baina bizkartzain asko zeudela eta, ez zuten leherrarazi. Bestalde, 1994ko azaroaren 18an Mungiako kuarteleko Jose Carollo Raña Espainiako Armadako sarjentua hiltzen saiatu ziren Larrabetzun. Militarrak, baina, tiroz erantzun zuen eta tiroketan besoan zaurituta suertatu zen. Ez zen eguneko bala jaurtiketa bakarra izan. ETAren Bizkaia komandoa ihes egiten ari zela, Ertzaintzak bidea moztu zien Loiun eta bertan beste tiroketa bat izan zen. Horren ondorioz, Angel Irazabalbeitia ETAko militantea hil zen eta Lourdes Txurruka burkidea zein Jesus Marzan Otero ertzaina zauriturik irten ziren.
Martinez Ahedo 1997ko abenduaren 10ean atxilotu zuten Orleans-en, Frantzian, Poliziak ETAren Bizkaia komandoa desegin ondoren ustez ihes eginda zegoela. Frantziak estraditatuta, 2004ko uztailean Espainiako Entzutegi Nazionalak 32 urteko espetxe zigorra jarri zion urduliztarrari, 1994ko apirilaren 28an, Trapagaranen, erakunde armatuak eginiko atentatu batean "laguntzaile lana" egin zuelakoan. Espainian barrena, sakabanatuta pasa ditu azken hamarkada, Puerto II, Zuera, Sevilla eta azken urteak izan den Pontevedrako A Lamako espetxearaino urrunduta.