SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluak bere lehenengo irteera egin zuen joan den larunbatean. Lehenengo irteera horren helmuga Artigaseko zabortegia izan zen, Alonsotegin. Zabortegi honek Bilboko biztanleei zerbitzu ematen die, eta kontseiluko kideek gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Udal iturriek zehaztu dutenez, honako taldeetako kideek parte hartu zuten: Itzartu emakumeen elkartea, Ander Deuna Ikastola, Askolan langabetuen elkartea, Munarrikolanda mendi taldea, Peña Txuri surf taldea, EAJ, Bildu, Plaza Beltza, Uribe Kosta Zero Zabor eta udal teknikariak.
Sopelako Udalak antolatutako autobusa 09:15ean irten zen Alonsotegiruntz. Bertan, kontseiluko kideek zabortegiaren azpiegiturak ezagutu zituzten eta bere funtzionamendua. Bertako gidariak hainbat azalpen eman zituen: noiz eta zertarako sortu zen Artigas, zein da bere helburu nagusia, zein da bere funtzionamendua, nola babesten den, zer nolako hondakinak batzen diren, nola tratatzen diren hondakin guztiak, eta abar. Gainera, zabortegiaz gain, hondakinen kudeaketaren inguruko hausnarketa egin zen, eta amaieran guztien artean eztabaida sustatu zen. Argazkian, SHK kideak Artigaseko zabortegian / © Sopelako Udala.