Urtero legez, otsailaren 4ko Agate Deuna bezperan, kalez kale kantuan ibiltzera deitu ditu herritarrak
Sopelako Udalak, ohitura zahar hori galdu ez dadin. Aurten, baina, lehiaketa izango da eta parte-hartzaileek 250 euroko saria lortzeko aukera izango dute. Gauzak horrela, gutxienez 10 lagunez osatuta egon beharko dute taldeek, partaide guztiak sopeloztarrak izan eta baserritarrez jantzita daudela, gainera. Horretaz gain, ondoko tokiak izango dituzte, halabeharrez agertzekoak: Urgitxieta plaza, 12:00etan; udaletxeko plaza, 18:00etan; eta ondorengo tabernak: Laiak, La kala, Urbaso, Setien, Señe, Irubide. Bi kategoria egongo dira: 18 urtera arte (kategoria honetan helduekin doazen umeak ere sartuko dira) eta 18 urtetik gorakoak. Horrenbestez, lehenengo kategoriako irabazleek 150 euroko saria eskuratuko dute, eta bigarrenekoek 250 euro. Epaimahaiak kontuan hartuko dituenen artean dago parte-hartzea eta berdintasuna (partehartzaile kopurua eta adin eta sexu ezberdinetako partaideak egotea), udal iturriek adierazi dutenez. Izena emateko epea otsailaren 3an amaituko da, eta horretarako Kurtzio Kultur Etxera jo beharko da. Ondoko telefono zenbakira ere dei daiteke: 944 065 505. Edo mezu elektronikoa bidali:
kultura[abildua]sopelana.net. Argazkian, talde bat Agate Deuna bezperan abesten, eguerdian, Larrabasterrako Urgitxieta plazan / © Sopelana.net.