Berriro ere Itzubaltzeta / Romoko Errekagane kalean zutik geratzen diren pabioiak botatzearen "beharrezkotasuna" defendatuko du Getxoko PPk, gaurko udal batzarrean aurkeztutako mozio baten bitartez. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen hitzetan, beste behin ere Imanol Landa EAJren alkatearen "hanka sartzea" agerian utzi nahi dute, aipatu eraikinak "botatzeko Gobela ibaiko lanak aprobetxatu beharrean, gaztetxe polemiko bat kokatzen den pabilioiak zutik mantentzea erabakitzeagatik". "Auzoaren irudiari kalte egiten diote horiek. Gainera, auzokideak penatuta daude bota beharrean, pabiloiak berriro zabaltzeko asmoa daukatelako", adierazi du Arruek. Izan ere, "auzokideek plataforma bat osatu" dutela aipatu du Getxoko PPren buruak. "Errekagane kale osoan zehar erreka estaltzea eskatzen dute. Sinadura bilketa ere abiatu dute", gaineratu du popularrak. Bitartean, auzokideena ez ezik, bertatik igarotzen diren "oinezkoen kezka" ere mahaigaineratu du Getxoko PSE-EEk, "eror daitezkeen zatiez babesteko bisera jarri baldin badute ere", Horiek ere mozioa aurkeztu dute Errekaganeko pabiloiak botatzea eskatzeko. Luis Almansa sozialisten tokiko buruak izenpetutako idatzia, ordea, ez dute bertan gaztetxe bat dagoenik aipatzen. Hirigintza Plangintza eta Lurzoruaren Legea aipatzen dituzte. Argazkian, Itzubaltzeta gaztetxea itxita Gobelako lanen ondorioz, artxiboko irudian.