Bizkaiko EAJko kideen "klientelismo" kasuak aipagai izango dituzte gaur Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 28a, 12:50

Kurkudi Libre dinamikaren barruan, "Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y `fontanería' en el PNV" izenburuko liburuaren aurkezpena izango da astearte honetan, urtarrilak 28, Leioan. Kurkudi Kultur Elkarteak antolatuta, 19:30ean jarri dute hitzordua, Errekaldeko nagusien etxean, Ahoztar Zelaieta kazetaria eta liburuaren egilea bertan izango dela. Idazlan horretan Asier Arzalluz EAJren buruzagi historikoaren semea ere aipatzen du Zelaietak, De Miguel edo Miñao auziaren harira. Leioako EAJko zinegotzi izandako Iñaki San Juan Bilbao da Ortzi Muga (2006ko apirilean eratua) eta Errexal (2005eko urrian sortua) enpresen "administratzaile bakarra". Sumarioan jasotzen denez, ustez erakunde publikoetatik arrazoitu gabeko zenbait kontratu eta diru jaso zituzten hiru enpresen artean daude horiek. Hilaren 31n Plentzian ere izango da aurkezpena. Ekitaldi hori Kandelaria elkarteak antolatu du, 19:00etan, Goñi Portal kultur etxean. Argazkian, Ahoztar Zelaieta / © Txalaparta argitaletxea.

EAJrekin lotuta, Administrazio Publikoaren edo Ogasunaren kontrako delituak, ustelkeriagatik zein finantziazio irregularragatik prozesu judizialak.... batu ditu Txalaparta editorialak plazaratutako liburuan Ahoztar Zelaieta kazetariak, Naiz.info iturri hartuta Uribe Kosta eta Erandioko agerkari honek azaroan zabaldu zuenez. Horretaz gain, jelkide ezagunekin zein beraien familiarrekin harremana daukaten enpresa pribatuak ditu aipagai "Egin" egunkariko ikerketa taldeko kide eta "Ardi Beltza" aldizkariko editore izandakoak. Zelaietak batutako agiri ofizialen arabera, Uribe Kosta eskualdera ere heltzen dira "Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y `fontanería' en el PNV" izenburuko lanean aipatutako "klientelismo" kasuak. Besteak beste, Getxoko zein Leioako udalek urte guzti hauetan hainbat zerbitzuetarako kontrataturiko Alaiki Zerbitzu Gizakulturalak SL enpresa jarri du horien artean kazetariak. Gotzon Bilbao burukidea da sozietate horren arduraduna.

Kurkudi Libre

Urriaren 14an hasi ziren epaitzen Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Horretaz gain, hilaren 17an abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa. "Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute 35/02 sumarioko epaiketaren ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Horien artean dira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak, Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra, Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea eta hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra.

Besteak beste, Franco eta Amezagari zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu duenez. Bestalde, Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.

Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.

Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon dira Madrilen, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki du epaileak. Akusazioen arabera, "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun