Ezker abertzalea zatitzeko bere figura erabiltzen ez duela utziko erantzun du espetxetik Arantza Zuluetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 28a, 17:20

Guardia Zibilak hilaren 8an atxilotu zituen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zortzi bitartekari, tartean Lemoizen bizi den Arantza Zulueta abokatua zela. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bost egun beranduago agindu zuen horiek guztiak espetxeratzea, "talde terroristako kide" direlakoan. Bada, Zuluetak berak Estremerako (Madril) kartzelatik helarazitako iritzi artikulua plazaratu zuen larunbatean "Gara" egunkariak. Atxilotu ostean, Espainiako hedabideek berari buruzko informazioa atera zuten. Hedabideok zioten ezker abertzaleko ildo politiko nagusiaren aurka zegoela besteak beste, eta horretarako poliziak egindako entzuketetatik ateratako adierazpen solteak baliatu zituzten. Sektore disidentea behar zuten Zuluetaren ustez, “eta egiazko sektore hori ez daukatenez, bat asmatu behar izan dute”. Inkomunikatua, eskubiderik gabe eta defentsarik ez duen jendearen aurka “bere hedabideen botereak babestuta mespretxua oka egiten du erdipurdiko jende eta koldarrak”, dio. “Gizarte honen helburu eta beharrekin konektatzen duen eskaintza politikoa geratzeko eta ahultzeko geratzen zaien aukera bakarra ezker abertzalearen proiektua barnetik lehertzea da. Gure esku dago hori saihestea, eta gure batasuna energia bilakatu behar dugu prozesu hau ongi amaitzeko. Presoek hala egin dute, eta bertan parte hartu izanaz harro nago, eta orain, preso politiko gisa, norabide berean egingo dut lan”, adierazi du Zuluetak. Argazkian, hilaren 9an, Sortuk deituta, 73 auzokidek salatu zuten Erandion aurreko egunean Guardia Zibilak EPPKren 8 bitartekari atxilotu izana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun