Bihar erabakiko dute Sopelari ofizialki "Sopela" deitu ahal izango zaion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 28a, 17:31

Bizkaiko Batzar Nagusiek asteazken honetan, urtarrilak 29, udalerriko izen ofiziala aldatzeko azken urratsa emango dute, udal iturriek jakinarazi dutenez. "Sopelana" izena "Sopela" bihurtuko dute bozkaketak aurrera egitekotan. Tokiko iturriek zehaztu dutenez, foru erakundeko bilkura 09:30ean hasiko da Gernikako batzarretxean, eta bilkuraren laugarren puntua izango da: “Sopelana udalerriaren izenaren aldaketa onartzeko Foru Aldundiaren jaurtze-Batzarrak 2013ko urriaren 15ean izaniko bileran hartutako erabagia”. Batzar Nagusiek akordioa adosten badute, izen ofiziala automatikoki "Sopela" bihurtuko da. Horren ostean, Batzar Nagusiek hartutako erabakia Udalari jakinarazi beharko diote. Horretaz gain, Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialetan argitaratuko da iragarkia, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko administrazioei bidaliko zaie erabakia, dagozkion ondorioetarako. Horrez gainera, toki-erakundeen dagokion erregistroari helaraziko zaio foru araua. Ebazpena jakinaraztean eta argitaratzean, udalerriaren izen ofiziala "Sopelana" izatetik "Sopela" izatera igaroko da.

2012ko azaroaren 29an Saioa Villanueva Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udaletxean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak dokumentazioa bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena "Sopela" dela berretsi zuen. Hortaz, Sopelako Udal Gobernuak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta proposizioa aurkeztu zuen urtarrilaren 21ean ospatu zen Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean.

Betitxe Saitua aipatutako batzordeburuak hala eskatu ostean, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika Batzordearen idazkariak batzordean parte hartu zuten. Bertan, alkatetzak izen ofiziala aldatzeko egindako proposizioa aztertu zen eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen aztertu ziren:

- 1979an Euskaltzaindiak osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma "Sopela" izan zen.
- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.
- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udal honetara bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa "Sopela" dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. "Sopelana" izena, aldiz, udalerriari deitzeko "version romance" bezala izendatzen zen.
- 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.

2013ko otsailean, Bilduk eta EAJk, zinegotzien gehiengo absolutua, bat egin zuten Saioa Villanueva alkateak aurkeztutako proposamenarekin, nomenklatura "Sopelana"-tik "Sopela"-ra bihurtzeko. Gauzak horrela, aldeko 14 botoz eta 3 abstentzioz (PSE-EE eta PPrenak) aurrera atera zen euskal grafia bermatzen duen toponimoa indarrean jarri ahal izateko testua. Urriaren 15ean, berriz, izen aldaketarako proposamena onartu egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Horrek Batzar Nagusiei helarazi zien eskaera, izen aldaketa behin betiko onar dezaten. Batzar Nagusietako mahaiak tramitera onartu zuen proposamena, Osoko Bilkuraren onespenaren zain.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun