Sopelako Udalak gaineratu duenez, "hainbat talde politikok horrela eskatuta", espediente bat ere badago tokiko bi polizien aurka, 2012ko uztailaren 15ean eta 17an hainbat hedabidek plazaratutakoaren gainean, agertutakoa "ezkutuko informazioa" zelakoan. Instrukzioko epaitegiak udaltzainek operazio-azpiofizialaren kontra aurkeztutako salaketa ebatzi artean geldirik egon omen da aipatu espedientea. Azkenean salaketa artxibatu egin du epaileak. "Hala ere, prentsan agertutako datu horietatik ondorioztatu beharko da disziplinazko prozedurarekin jarraitu beharko den ala ez", esan dute agintari sopeloztarrek. Hori dela eta, "arinkeriaz" jokatzea ez ezik, aipatu bi polizien "errugabetasun presuntzioa ahaztea" leporatu dio Udalak ELAri, "biak zigortutako langileen zerrendan sartzeagatik".
Amaitzeko, agintaldian zehar beste bi prozedura zabaldu zituztela jakinarazi du Gobernu Taldeak: bata, udaltzain baten kontra, ustez tresna informatikoak "behar ez bezala" erabiltzeagatik. Eta bestea, hainbat tokiko polizien aurka, 2012ko EAEko hauteskundeen egunean lanera agertu ez zirelakoan eta hori azaltzeko egiaztagiria aurkeztu ez zutelakoan. Hala ere, horiek guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten gertaerak edo horien egileak zeintzuk ziren frogatu ezin izan zutelako.