"Balanegra" goitizenarekin ezaguna zen José Luis Bilbao Mentxaka Athleticeko jokalari ohi beteranoetako bat atzo zendu zen, 93 urte zituela, talde zurigorriak jakinarazi duenez. 1921eko irailaren 8an jaio zen Erandion. Hamar urte eman zituen Athleticen, 1941-1942 denboralditik 1950-1951 denboraldira bitartean. "Hegaleko bikaina zen, trebea eta azkarra, baina zoritxarrak Piru Gainzarekin bat egitea ekarri zion, eta horren ondorioz, bere kirol bizitzak ez zuen merezitako distirarik izan", azaldu dute klub bilbotarretik. 1942-1943 denboraldian Espainiako Ligako txapeldun izan zen, 1946-47an txapeldunordea, lau aldiz Kopako txapelduna (1943, 1944, 1945 eta 1950ean) eta beste bitan txapeldunordea (1942 eta 1949an). Balanegrak San Mamesen egin zuen debuta ofizialki 1941eko urriaren 12aren arratsaldean aurkari handi baten kontra, Real Madril alegia. Eta emaitza 1-0ekoa izan zen Athleticen alde. Bere azken neurketa 1950eko urriaren 22an jokatu zuen Españolen aurka Liga txapelketan. Lehiaketa ofizialean Ligako 54 partida jokatu zituen 16 gol eginez eta beste hamabost neurketa Kopan. Halaber, 69 lagunartekotan hartu zuen parte 22 gol sartuz. Argazkian, Jose Luis Bilbao "Balanegra", besteak beste, Joseba Goikouria alkatearekin eta Jose Anjel Iribar Athleticeko jokalari ohiarekin, 2013ko abuztuaren 23an Erandio Futbol Taldeak egin zion omenaldian / ©
Athletic Club.