Pello Salaburu: "'batasun formala' eta 'batasun soziologikoa'"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 29a, 16:15

Pello Salaburu - EIZIE] Gustatu zait Santik eskribitu duena, eta uste dut, gainera, arras zuzen den erraten duen horretan guzian. Baina arazoa ez da, nik uste, euskara batua vs euskalkiaren artean hautua egitea, euskara baturik ezin baita existitu euskalkirik gabe. Arazoa euskara batuaren barneko ereduetan gertatzen dena da, nire ustez. Ez dut batere gogoko izaten nik neronek erranak gogora ekartzea argudiobide gisan, baina badut uste hemen egokia den Leioako campusean Euskaltzaindiak 1994an egin zuen bilkuran eman nuen hitzaldiaren muina biltzea. Batasuna Euskaltzaindiak garatu eredu batean oinarritzen da. Eredu horri, nork hartzen duen, itxura bat emanen dio, edo bertze bat. Anjel Lertxundi batek, konparazione, eredu hori hartu eta berak gehien ibiltzen duen euskalkiarekin hornituko du. Eta berdin eginen du Atxaga batek, Urretabizkaiak edo Saizarbitoriak. Espresuki hautatu ditut izen horiek. Horiek "euskara batua" deitzen dugun hori eredu berezi batera moldatu dute. Argazkian, Pello Salaburu, eskuinean, 2011ko irudian / © EHU.

Gainerakook, ni neroni barnean, haiek ibiltzen duten eredu hori barneratu dugu, usteketan beharbada, eta eginahalka ibiltzen gara antzeko zerbait paperean paratu nahian. Baina hori eginez, bi gauza nahasten ari gara: "Euskaltzaindiaren eredu batua" (eredu formal hutsa, uste dugun baino ezaugarri gutiago dituena), eta "eredu batu soziologikoa" (gipuzkera eredu batuan moldatua, funtsean): hitz hori ibili nuen Leioan, ez dakit egokia den, berdin zait: erran nahi dut, hitz horrekin izena eman nahi diot idazle gehienek de facto ibiltzen duten ereduari. Baina hori ez da nahitaez Euskaltzaindiak eman arauak betez ibil daitekeen eredu bakarra.

Ez da, gainera, hori bakarrik gertatzen: urrunago joanik, eredu horren hesten ahalegintzen gara. Egun hauetan ikusi dut nonbait "barkatu" aditzak "nori" eskatzen duela, eta ez "nor", adibide bat paratzeagatik. Arau gisan proposatzen zuen norbaitek. Egia da Hiztegi Batuak "barkatu" sarrera "du" aditzarekin markaturik ematen digula. Baina ni ez nintzateke urrunago joanen, gauzak aisegi errateko arrisku handia baitugu bertzenaz. Hitz hori bigarren itzulian sartu zen, eta ez dakit zenbateraino duten balio bera lehenbiziko eta bigarren itzulietako sarrerek. Nik nire zalantzak ditut, eta ez zait gustatzen batere horrenbertze arau sartzea hizkuntza bizi batean, baditugu aski arau gehiago sartzen ibiltzeko. OEHko adibideak ikusirik, konparazione, "barkatu" aditza nori-rekin ere ibili dute zenbait autorek, adibide gehienak "nor"-ekin badira ere: Gazteluzar, Echegaray, Alzaga, Zubiri, Barriola, Mirande, Aresti eta Larrek. Horien maisutasuna bertze eremu batzuetan aipaturik, orain gaitzesi behar dugu haiek ibiltzen duten aldaera hori? Zergatik?

Gaur egun, ñabardura ttipi batzuk kendurik, han-hemenka ibiltzen ditugun testu idatziek soinu bera dute, berdintsu da nork eskribitzen duen, eta non. Iparraldean badira, egia da, salbuespen aipagarri batzuk, baina bertzenaz iduri du ezinbertzez bortxatuak garela eredu baten ibiltzerat. Eta pentsatzen dugu, gainera, hola ez badugu egiten, batutik urruntzen ari garela. Ez da hala: orain arte eskribitu ditudan lerroak ez dira sartzen batasun soziologiko horretan, baina batuan dira, bertze batu klase batean. Bereizketa hori gogoan izatea inportantea da, hori kontuan izanik, ez baikenuke inolako arazorik izan behar euskalkien berezitasunekin saltsatzen ibiltzeko, eta berezitasun horiek, koherentziarekin, hori bai, testuetan sartzeko. Koherentzia atxiki behar baita: "zuk erran legez" bezalako bat, konparazione, ez dut uste xuxen ibilia den. Batasun soziologiko horretatik urruntzen gara zenbaitetan, egia da, bazterretako euskalkietatik hitzak hartzeko, eta orduan ere batzuetan ez dugu batere ongi asmatzen: nola batzuen euskalkian ez den "anitz" hitza ibiltzen, eta hitz hori aski exotikoa egiten zaien (hain segur ere, ibiltzen ez dutelakotz, haiena "asko" da), hartaz baliatuko dira "anitza" bezalako astakeriak ("anitz" hitza sortzetik ibili dugunok sekula santan erranen ez genukeena) eskribitzen hasteko. Berdin gertatzen ari da, azken bolada honetan "baitan" horrekin ere: orain, "PNV-n", edo "PNV-ren barnean" natural horien ordez, apalegiak hain segur ere, "PNV-ren baitan" nahiago dugu, biziki arrotz egiten zaiguna, eta deigarria zinez, betitik "baitan" ibili izan dugunoi. Guk ez genuke inoiz ere hola ibiliko. Baina barrokoagoa da, hori bai.

Bi kontzeptu horietan pentsa bageneza, “batasun formala” eta “batasun soziologikoa” zeini bere tokia emanik, badut uste euskalkien eta batuaren arteko ezin elkartze horiek bertze modu batekoak izanen liratekeen. Batasuna aise hobeki horni baitaiteke euskalkien aberastasunekin, eta biziki ongi garatu, eredu soziologiko hori zabalduz aldi berean, txokokerietan erori gabe. Denek irabaziko genuke.

Pello Salaburu euskaltzain eta unibertsitate katedradun leioaztarrak Pello Salaburu - 31eskutik.com] Gustatu zait atzo EIZIEren 31eskutik.com atarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun