"Sopela" izena ofizialki onartu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 29a, 17:18

EAJ eta EHBilduren babesarekin, "Sopelana" izena baztertu eta udalerriari ofizialki "Sopela" deitzea onartu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek, gaur goizeko bilkuran. Bozketan abstenitu egin dira PSE-EE eta PP, 2013ko otsaileko udal batzarrean gertatu bezala. "Izen aldaketa historikoa" auzokide guztiekin batera ospatzeko asmoz, Sopelako Udalak ekitaldi bat antolatu du martxoaren 16rako, 19:30ean, Kurtzio Kultur Etxean. Sarrera debalde izango da eta bertan Ruper Ordorika musikari ezagunak parte hartuko du. Hala ere, “Sopelana” izena duten kartel eta azpiegitura guztiak ez dira epe laburrean aldatuko, tokiko erakundeak zehaztu duenez. Lehenik eta behin inolako kostu ekonomikorik ez duten aldaketak egingo dira: barne-mailako dokumentuak (agortzen direnean), mantxetak, publizitatea, udal agerkariak, deialdiak, eta abar. Udal eraikinen seinaleak eta bestelako azpiegituren izenak ez dira berehala aldatuko, kostu ekonomikoak direla eta, eta hondatzen diren heinean aldatu egingo dira izen ofizial berria jarriz. Era berean, Udala beste enpresa eta erakunde batzuekin (Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao...) harremanetan jarriko da eurek ere izen ofizial berria euren azpiegituretan jar dezaten. Horrez gain, Sopelako Udala irudi korporatiboaren azterketa egiten dabil eta hurrengo asteetan egokitutako irudi korporatibo berria aurkeztuko du, izen aldaketa berriarekin lotuz.

"Sopelako Udal Gobernuarentzat, historikoa da gaurko eguna. Historikoa diogu, baina ez gure herriko izena gaur aldatuko delako. Ez. Guretzat, gure herriko izena beti izan da 'Sopela’, hala sentitu dugulako eta euskaraz hala erabili dugulako beti. Baina historikoa da, azkenean gure herriko erakundeak, Udalak hain zuzen ere, sentimendu eta nahi hori modu ofizialean islatuko duelako. ‘Sopela’ erabili dugu sopeloztarrok herriko kaleetan, etxeetan, baserrietan, eskolan... eta orain, Udalak eta gainontzeko erakundeek ere hala egingo dute", adierazi dute pozarren tokiko agintariek.

Halaber, azken hamarkadetan, sasi guztien gainetik, "Sopela" izena aldarrikatu duten lagunak gogora ekarri ditu Udalak: "Bidean hamaika oztopo topatu arren, aurrera egiten jarraitu duzuenoi. Sopelan euskarak merezi duen begirune eta errespetua aitortzeko lanean jarraitu duzuenoi. Zuentzat gaur hartu den erabakia, azkenean, denon artean lortu dugulako. Ezina, ekinez egina!".

Emandako urratsak

Sopelako Udalak agintaldi honetan abiatu zuen izen aldaketarako prozedura. 2012ko azaroaren 29an Saioa Villanueva Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udaletxean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak dokumentazioa bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena "Sopela" dela berretsi zuen. Hortaz, Sopelako Udal Gobernuak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta proposizioa aurkeztu zuen urtarrilaren 21ean ospatu zen Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean.

Betitxe Saitua aipatutako batzordeburuak hala eskatu ostean, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika Batzordearen idazkariak batzordean parte hartu zuten. Bertan, alkatetzak izen ofiziala aldatzeko egindako proposizioa aztertu zen eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen aztertu ziren:

- 1979an Euskaltzaindiak osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma "Sopela" izan zen.
- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.
- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udal honetara bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa "Sopela" dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. "Sopelana" izena, aldiz, udalerriari deitzeko "version romance" bezala izendatzen zen.
- 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.

2013ko otsailean, Bilduk eta EAJk, zinegotzien gehiengo absolutua, bat egin zuten Saioa Villanueva alkateak aurkeztutako proposamenarekin, nomenklatura "Sopelana"-tik "Sopela"-ra bihurtzeko. Gauzak horrela, aldeko 14 botoz eta 3 abstentzioz (PSE-EE eta PPrenak) aurrera atera zen euskal grafia bermatzen duen toponimoa indarrean jarri ahal izateko testua. Urriaren 15ean, berriz, izen aldaketarako proposamena onartu egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Horrek Batzar Nagusiei helarazi zien eskaera, izen aldaketa behin betiko onar dezaten. Batzar Nagusietako mahaiak tramitera onartu zuen proposamena, Osoko Bilkuraren onespenaren zain. Gaurkoan Bizkaiko Batzar Nagusiek azken urratsa eman dute gaur gure udalerriaren izen ofiziala aldatzeko, Euskaltzaindiak, euskalgintzak, Sopelako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eskatutakoa berretsiz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun