Gurasotasun Politikaren markoaren barruan, otsailaren 12rako (asteazkena) "Jolasaren eta aisialdiaren garrantzia familian" lelopeko formazio saioa antolatu du
Leioako Udalak, Etxadi Familia Psikologiaren Unibertsitate Zentroaren bitartez. Ekitaldia 18:00etan izango da, Kultur Leioako laugarren solairuan. 2 eta 9 urte bitarteko umeen gurasoekin egingo den hitzaldi / hizketaldi horretan jolasa zer den azaldu nahi dute, hitz horren zentzurik zabalenean (gozamena, askatasuna, fikzioa, esfortzua…): "Jolasak, bai bakarka, bai familian, eragin positiboa du adinez txikiaren garapenean, eta abiapuntu hori dagoela, garapen psikomotor, intelektual, sozial, afektibo-emozionalean eta abarretan nola eragiten duen aztertzen da", azaldu dute udal iturriek. Azkenik, gurasoek seme-alabekin pasatzen duten aisialdia antolatzeko edota planifikatzeko gako batzuk jakinaraziko dira. Tokiko arduradunek gaineratu dutenez, gehienez 20 pertsona izatea komeni da formatzaileekiko elkarreragintza handiagoa izateko. Horregatik izen-ematea egin behar da, honako telefono honetan: 946 072 576. Argazkian, hainbat neska-mutil ipuin kontalari saio batean / © Barrikako Udala.