Gaur, osteguna, lehen mailako antzezlan bat ikusteko aukera egongo da Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean: Txalo antzerki taldearen "Ondoko hilobiko tipoa", Erandioko Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatuta. Hitzordua 20:00etan izango da. Antzezlan dibertigarri horren protagonistak Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktore ezagunak dira. Zuzendaria Begoña Bilbao Lejarzegi da. "Zeinek esan…Neska pinpirina baserrian! Eta baserritar bat operan? Aiora (Aitziber Garmendia): polita, gozoa eta alarguna. Pablo (Iker Galartza): zekena, egoskorra eta ezkongabea. Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Aiora eta ondoko tipoa… Pablo. Irribarre leun bat, ordea, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko", dio antzezlanaren sinopsiak. Argazkian, Galartza eta Garmendia antzerki lanaren kartelean.