Urriaren 14an hasi ziren epaitzen Xabier de la Maza Peña gazte gorliztarra Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 neska-mutilekin batera. Bakoitzarentzat seina urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita. Horretaz gain, hilaren 17an abiatu zen 35/02 sumarioko epaiketa. "Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea" leporatuta, ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bost bat hilabetez iraungo dute 35/02 sumarioko epaiketaren ahozko saioek. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat.
Besteak beste, Franco eta Amezagari zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu zuenez. Bestalde, Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.
Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.
Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon dira Madrilen, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki zuen epaileak. Akusazioen arabera, "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.
Alegatua
Lau hilabeteren buruan, gazte independentisten kontrako epaiketa aste honetan bertan bukatzea espero zuten. Baina, dirudienez, egun batzuetan gehiagotan luzatuko da, gaur arratsaldeko saioa bertan behera utzi ostean. Gaur goizean epaimahaiari beren ondorioak eta eskaerak aurkezten jarraituko dute fiskalak eta akusazio partikularrak. Urtarrilaren 17an egin zen saioan, bai fiskalak baita Dignidad y Justicia-k beren eskaerei eutsi zieten. Lehenak sei urteko zigorra eskatzen du gazte bakoitzarentzat, eta bigarrenak, aldiz, 10 eta 12 urte artekoa.
Joan zen larunbatean Gasteizen aditzera eman zutenez, bihar egingo dute publiko beren alegatua epaitu dituzten gazteek, agerraldi publiko batean. Hainbat pertsona ezagunen babesa jaso dute: Txema Montero, Jesus Eguiguren, Miren Amuriza, Toti Martinez de Lezea eta Alex Txikon, besteak beste. Epaiketaren amaieraren atzerapenak ekitaldia aldatzea ekarriko duenik ez dute iragarri oraindik. Bada, epaiketako beraien "azken hitza herriarena izan dadila" gura dutelako, besteak beste, Plentziako institutuan alegatouaren irakurketa egingo dute 10:45ean. Baita Txoko Etxe ondoko plazan, Gorlizen, 14:30ean. Preso eta iheslari politikoen aldeko hilabeteko azken ostiraleko deialdiei dagokienez, kolore laranjaz jantzi nahi dituzte eskualdeko itsas-hiribildu bietan. Azkenik, 20:30ean, dardo txapelketa eta alegatuaren irakurketa egingo dute La Kala tabernan.
Larunbateko mobilizazioa
10:30 Erandioko metrotik abiatuta (gurpil martxa) bizikletak, kotxeak...
11:00 Astrabuduko herrikotik pasako da martxa
11:30 Leioako Kurkudin
12:15 Itzubaltzeta / Romoko Brankan
Aldi berean, Gorliztik kotxe-karabana
10:30 Gorlizeko hondartzako parking-ean
11:15 Urdulizko herriko tabernan
12:00 Sopelako Mikelatsen
12:45 Berangoko Sei Herrin
13:30 Eskualdeko manifestazioa Algortan (Telletxetik)
Mobilizazioa iragartzen duen bideoa