Hego Euskal Herriko eta Espainiako elektrizitate kontsumitzaileek beste 35 milioi euro baino gehiagori egin beharko diote aurre Lemoizko zentral nuklearra itxi izanagatik, "kalte-ordain" gisa. Espainiako Estatuaren Agiri Ofizialak gaur kaleratu duenez, Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioak 35.604.764,69 eurotan baloratu du 2013 urteari dagokion amortizazioa. Iberdrolak 1996an kobratu zuen "egindako inbertsioen eta lanak finantzatzeko kosteen indemnizazio" osoa, 2.273 milioi euro, eta Estatu Espainolak ordainketa horri aurre egiteko zor-funtsa jaulki zuen, Valdecaballeros eta Trillo II-ko zentral nuklearrak behin betiko itxiagatik emandako "kalte-ordainekin" batera. Guztira, 4.383 milioiko zorra jarri zuten merkatuan. Gaur argitaratutako kitapenaren ostean, zor-funtsa amortizatzeko 250,5 milioi euro gelditzen dira, horietatik erdia baino gehiago, 130.626.072,95 euro, Lemoizi lotutakoak. 2015eko urrira arte ordaindu beharko dituzte kontsumitzaileek argi fakturaren barruan, CNMVk kontratatutako auditoretzetan ikus daitekeenez.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!