Aurretik, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Leioako Kurkudi, Itzubaltzeta / Romoko Branka, Algortako Gorrondatxe, Sopelako Mikelats, Berangoko Sei Herri eta Urduliz Iretargi herriko tabernetatik igaroko dira. Izan ere, 35/02 eta 26/11 sumarioen barruan, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izaten ari diren 110 elkarteak eta 76 euskal herritarrak "libre uzteko" aldarrikatzea izango da mobilizazioaren helburua. 35/02 auziari dagokionez, akusatuen artean dira Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak, Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra, Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea eta hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra.
Ondorengo manifestua irakurri dute pertsona ezagunek gaurko agerraldian:
Zubiak eraiki nahi ditugu lehen harresiak zeuden lekuan. Gurea bando herria izan da. Identitatearen inguruko bateko eta bestekoena, ideologiaren araberakoena... eta garaile eta garaituena, “eurak” eta “gu”, betiro. Baliteke, oraindik ere, hala izatea neurri batean. Baina bi urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri bat sortu da, “gu” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen etorkizuna.
Etorkizunerako zubiak. Atzera begirako estrategia “antiterrorista”-ri lotzea herri honen etorkizunaren eraikuntzarako zama latza da. Eragile politiko eta sozial orok eman du urratsen bat denok batera ekin behar diogun etorkizuna eraikitzeko. Gehiago beharko dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eten edo oztopatu asmoz eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau horietako bat da, garrantzitsua gainera. Garaiz eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa da.
Ilusio zubiak. Epaiketa hau, antzeko beste ekinbide batzuen antzera (edo estrategia beraren baitan egiten ez diren urratsen moduan) frustrazio eragile da. Herritarrok ilusio desioz gaude, ordea, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu, errespetua eta aitorpena oinarri izango dituena.
Justizia zubiak. Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da. Gure aurkako epaiketan berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu ditu akusazioak froga gisa, hala aitortu du, gainera; helburuak dituzte epaitzen, ez bitartekoak, jardun politikoa dute epaitzen eta ez delituak. Egungo testuinguruan, politikak irten egin behar du eremu polizial eta juridikotik.
Horregatik guztiagatik, adierazpen honetan prozesu judiziala bertan behera uztea eskatzen dugu, edo auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua, baina 40 gazte hauek libre nahi ditugu.
Bideo hau sareratu dute atxikimendua eman duten kideek ondorengo testua irakurtzen dutela