Getxoko udal teknikariak ekaitzak eragindako kalteen inguruko behin behineko balorazioa ari dira egiten: "kaltetutako elementuen kopurua eta kalteen zenbatekoaren kalkulua ezin izango dira ezagutu, garbiketa lanak zein behin betiko azterketa lan guztiak amaitu arte", esan dute. Turismo bulegoa, sorospen-postua eta komun publikoak dauden udal eraikina garbitu dute dagoeneko, olatuek "ukituta" utzi eta gero. Turismo bulegoan, ura eta harea jendeari arreta eskaintzeko gunean eta biltegian sartu dira, kalte txikiak eraginez. Halere, eraikineko kanpoaldeko hormatxoa, hondartzara begira dagoen beiratea eusten duena, mugitu egin da uraren indarraren ondorioz. Udal teknikariak kalte horren garrantzia ari dira aztertzen.
Larrialdi plana indargabetuta
Aipatu, azkenik, Imanol Landa Getxoko alkateak Larrialdi Planaren 0 fasea eta Krisi-Mahaia indargabetu dituela. Joandako ostiralean deitu zituen, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzuak itsasaldeko arriskua/olatuen altueragatik indarrean jarritako alerta laranja eta alerta gorria zirela eta.