Ander Ros: "Sopela: behera tradizioa, gora bulgarismoa!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 3a, 21:42

Ander Ros Cubas - Erabili.com] Euskaldunagoak direlakoan aste honetan bertan ofizialdu den Sopela bezalakoak bultzatzen ditugu. Aldaketa zilegizkoa da, dudarik gabe, baina ez, ordea, berau zuritzeko argumentarioa. Erabili den argudio nagusia, Euskaltzaindiaren izenean eta oneritziaz emana, faltsua eta iruzurrezkoa da funtsean. Sopelana gaurgero Sopela dela jakinik esnatu gara asteburu honetan. Aspaldiko borroka, aspaldiko tema. Ez noa aldaketaren komenigarritasunaz eta zilegitasunaz iritzia ematera, kontrako eta aldeko argudioak eman bainitzake. Aldaketa egiteko eta zuritzeko moduaz, ordea, zerbait esan beharra dago ezinbestean. Erabili den argudio nagusia, Euskaltzaindiaren izenean eta oneritziaz emana, faltsua eta iruzurrezkoa da funtsean. Sopelana ez da espanoilezko forma, Sopelana ez da forma inposatua. Sopelana, Bilbao eta hainbeste bezala, forma zaharra da baina ez arkaikoa. Jatorrizko forma da, sortzezkoa alegia, edo sortzezkotik ezagutzen dugun hurbilena. Sopelana ez da Francok edo ez dakit zein diktadorek inposaturiko forma, betidanik idatzi izan baita horrela, XV. mendearen erdialdean lehenengoz dokumentatzen denetik behintzat. Inposaketarik egon bada, beraz, forma idatzi edo kultoarena ahozkoarekiko izan da, besterik ez. Aldaketa ofizialdu den honetan, herriari galdetu gabe egin dela irakurri dut, erreferendumik egin gabe alegia. Horri deitu dakioke inposaketa, eta ez besteri.

Egia da oraintsu arteko dokumentazio historiko guztia erdaraz idatzita dagoela eta euskarak ez duela horretan lekurik izan, baina horri ere ez nioke inposaketa deituko. Katalunian edo Galizian, esaterako, bertako hizkuntzak erabili izan dira eskritura notarial zaharretan. Zergatik ez dugu hemen holakorik ezagutu? Eskribauak Gaztela aldean trebatzen ziren, bertako hizkuntzan ezinbestean. Tradizio propio baten garapena eragotzi zuen horrek, egia da, baina hori eta inposaketa ez dira gauza bera. Nolanahi ere, izen bereziak ez zituzten nolanahi idazten, euskarazko onomak idazteko tradizioa ondo garatuta dago. Egunera arte bizirik iraun duen tradizio horretan Sopelana Sopelana idatzi izan da beti. Tradizio onomastiko horretan, fonetismoen abstrakzioa egiten zuten, berauei arrunt edo bulgar iritzita. Adibideak milaka eman daitezke. Ezin uka daiteke, esan egin behar da, bokal arteko -n- sudurkariaren galera funtsezkoa dela euskararen bilakaeran eta ez genukeela gaur bulgartzat hartuko, baina tradizio idatziak, erdararen bidez bideratua baitzen, pisu handiagoa izan zuen eta entzungor egin zion fonetismo honi eta egungo euskaran arrunta ez baina arkaikoa denari eutsi.

Kontuak kontu, niri neuri, Sopela, Bilbo eta holakoak idaztea gogorra egiten zait, ezinezkoa erdaraz egiten dudanean, baina horiek dira euskaraz aritzen naizenean ahoz naturaltasun osoz ateratzen zaizkidanak, noski. Soluzioa erraza da: Sopelana idatzi eta Sopela ahoskatu, Donostia edo Legazpia izenekin egiten dugun bezala. Ba al dauka horrek arazorik? Donostia Donosti dela tematu eta horren alde borrokatu behar al dugu? Ez, jakina. Donostiako hiru damatxo kantaren letra ere moldatu beharko genuke hasteko! Mota guztietako arazoak saihesten dira forma zahar jatorrizkoak beren horretan zaintzen baditugu, eta ez Orduña / Urduña bezalako bikote arazotsu artifizialak sortu eta bultzatu edo tradizio guztien kontra Bilbao bezalako formak euskarazko ahozko formaren onetan ahantziarazten saiatu. Bulgar edo arrunta euskarazkoarekin nahasteko joera setatia dugu. Inori kabitzen ote zaio buruan Durango ez, baina Durengo edo Durongo ofizialdu behar ditugula horiek direlako erdarak gutxien kutsatu gabeko euskaldunen usadioan erabilitako formak? Durungo horren parekoak dira, euskalduntasunaren inposaketaren kontrako izenean ofizialdu diren Okondo, Miribilla eta holako hainbat. Manipulazioa baliatu izan da sarri, holakoek sekula ez baitute tradizio idatzirik izan, askotan hori sinestarazi nahi izan diguten arren.

Ander Ros Cubas toponomastak gaur Erabili.com-en argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun