Gernikako Batzar Etxean dagoen haritzaren ezkur batetik sortutako kimua da EHUn landatu den "quercus robur". Zuhaitz gaztearen ondoan plaka bat jarriko da, eta bertan, honako hitz hauek agertuko dira euskaraz, gazteleraz eta ingelesez: "Bizitzaren Arbola, Euskal Herriko Unibertsitatearen ikurra, Eduardo Chillida eskultoreak sortu zuen, Iparragirreren olerki batean oinarri hartuta. Ikurrak, mundura zabaltzen den fruitu emankorra irudikatzen du. Gernikako haritzaren altsuma hau, euskal askatasunen sinboloa ere badena, 2014ko otsailaren 3an landatu zuen Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektore jaunak, campus honetarako sarrera buru izaki, nazioartearekiko bokazioaren lekuko".
Ekitaldian zehar, Ana Madaiaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak gogora ekarri du Luis Maria Leizaola lehendakaria: "Gaur sartu dogun landara honegaz, bada, zelanbait itxi egiten dogu 1922. urtean hasi zan ibilbidea. Urte haretan, Gernikako Batzarretxetik hur, Gernikako Uribilduan, Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresua egiten egozan. Bertan izan zan Leizaola gaztea euskal unibertsitatearen aldarrikapena egiten Alfonso XIII Erregeren aurrean, Arbola Sainduaren ondoan pankarta bat jarrita. Atxilotu eta esku-burdinakaz eroan eben Bilbora. Urte batzuk beranduago, Gerra Zibilean, Agirreren Gobernuko Kultura sailburua zala, gauzatu eban gauzatu aspaldian aldarrikatzen eban hori, eta Euskal Unibertsitatea abiarazo eban; ekimen aitzindaria, eskultura horretan gogorazoten dana".
EHUko errektoreak, bere hitzaldian, euskal unibertsitatearen logotipoak bere baitan gordetzen dituen bi sinboloak gogoratu ditu: zientziaren zuhaitza eta Gernikako Arbola. "Elkarketa sinboliko hori, gainera, unibertsitateko eguneroko errealitatean gauzatzen da: hemen sortzen da ezagutza, eta hemendik zabaltzen da mundura; eta, beti euskal lurrarekin eta kulturarekin dugun konpromisoaren bitartez".
Ekitaldia bideoan (cc-ny-nc-nd EHU)
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!