Plentziako Kandelaria kultur elkarteak itsas-hiribilduak antzina ospatzen zuen otsailaren 2ko Kandelaria egunetik hartu zuen izena sortzean. Izan ere, elkarteak gogoratu berri duenez, 1299. urtetik Plentziak, Plasentia de Butron izenez eratua, eskubidea izan du urtero, otsailaren 2an, Kandelaria egunean, hamabost eguneko azoka "franca et libre” egiteko. Azoka, ordea, Antolin Deuna jaietara aldatu zuten, XIX. mendearen hasieran, gaur egun ezagutzen dena izanda. Halere, elkarte plentziarrak "gure modura Kandelaria eguna ospatzea erabaki dugu, erlijio-ospakizunak aparte utzita". Horretarako, "Plasentia" aldizkari digitala zabaltzeari ekin zioten herenegun, hilak 2. Haiek berea egin dutela orain herritarren feedback-aren txanda delakoan daude: "zure iritziak, argazkiak, azalpenak edo kritikak jasotzea espero dugu!". Aldizkarian, 12 orrialdetakoa, bertako 714 urtetako historia, inguruko argazkiak zein sortzaileek eragindako irudiak, Plentziako elkarteen berriak, kultur albisteak eta gastronomiari eskainitakoak topa daitezke.