Gauzak horrela, aurtengo laguntzen aldaketarik nabarmenak aurreko urtekoekin alderatuz bi dira. Lehenengoa, Getxoko elkarteetako begiraleek euskara ikasteko zuten 1.000 euroko diru-kopurua desagertu egin dela da, beste herritarrek dituzten laguntzeetara jo beharko dutela. Diru horrekin, gida-baimena euskaraz ateratzeko partida handitu dute, 3.400 eurotik 4.400era pasatuz. Bigarrena, laguntzak kaleratzen diren datak dira, azken urteotako goiztiarrenak baitira, auzokideen onerako.
Xehetasunak
Aurtengoak "baliabide ekonomikoen ezagatik getxoztarrak euskara ikasi gabe ez geratzeko" laguntzak direla defendatu du Getxoko Udalak. Zehazki, 90.400 euroetatik Udalak 86.400 banatuko ditu gizabanakoei zuzendutako diru-laguntzen artean eta beste 4.000 enpresei ematen dizkien laguntzetarako izango dira. Laguntzak eskatzeko epea kasu batzuetan datorren irailaren 30ean amaituko da eta beste batzuetan abenduaren 31n,
2016ko amaierara arte indarrean izango den ESEP, Erabilera Sustatzeko Ekintza Planak aurreikusten dituen diru-laguntzek “euskararen erabilera sustatzeaz gain, getxoztarren hizkuntza gaitasuna eta euskararekiko motibazioa eta interesa ere areagotu nahi dute”, azpimarratu du Kepa Miñambres Llona jarduneko Euskara zinegotziak.
Norbanakoen laguntzen multzoan, 80.000 euro euskara ikasi nahi eta baliabide ekonomiko nahikorik ez duten getxotarrentzat izango da. Kasu horietan eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da eta diru-laguntza matrikularen kostuaren %80a izatera heldu ahal izango da, 2012an ezarri bezala. Aurretik ikasleek matrikularen %100 jasotzeko aukera zuten, egungo baldintza berberak bestez gero. Besteak beste, eskola-ordu kopuru zehatza betetzea eta Udalak eskatzaileari eskatuko dizkion diru sarreren mugen artean izatea.
Beste 4.400 euro, gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzat izango dira, azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik eskatzaileak 100 euro jasoko dituela. Elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiriak lortzeko euskarazko ikastaroak egiten dituztenak laguntzeko 1.000 euro izango dira, beti ere laguntzak ikastaroaren %50ekoa baino ez dela izango. Hiritarrentzako laguntzen azken partida Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikas dezaten izango da, azken urteotan bezala. Hor, beste 1.000 euro aurreikusi dituzte.
Azkenik, merkataritza eta ostalaritza sektorean euskara sustatzeko atalari dagokionez, 4.000 euro bideratuko dira, nagusiki, errotuluak, olanak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko.
Kasu hauetan eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31an amaituko da.
Diru-laguntzen ordainketa erregistroaren hurrenkerari estuki jarraituz egingo dira, aurrekontu partidan kreditu nahikoa dagoen bitartean. Diru-laguntza horiekin batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, tartean, herriko elkarteei eskaintzen dizkien itzulpen zerbitzua, eta aholkularitza eta ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua eta Getxoko merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio zerbitzuak.
Argibide gehiagorako Getxoko Euskara Zerbitzuak sarean jarritako dokumentazioa aztertu daiteke.