Batzar irekia deitu du biharko presoen aldeko Algortako bilguneak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 5a, 12:19

Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko Algortako herri ekimenak batzar irekira deitu ditu herritarrak ostegun honetarako, otsailak 6. Hitzordua 20:30ean izango da, Abian kultur elkartean, Bidebarri kaleko 2. zenbakian. Bilgune horretako kideek gogoratu dutenez, orain arteko "lorpenak" gora eta behera, "lan asko gelditzen da egiteko eta, guztiok apur bat emanez", Espainia zein Frantziako espetxeetan sakabanatuta dauden euskal herritarrei "errazago egingo zaie etxerako bidea". Gogoratu dutenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bostehun kide baino gehiagoren artean, Algortako 14 bizilagun daude. "Estatuek bere horretan jarraitzen dute. Gatazkaren konponbidean pausuak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen EPPK-k. Madriletik, ordea, haien bitartekariak atxilotuz erantzun zuten. Presoenganako elkartasuna ere zigortu nahi izan dute. Aurretik etorri zen Herrira mugimenduaren kontrako polizia operazioa. Ondoren, Tantaz Tanta dinamikak urtarrilaren 11rako deitutako nazio manifestazioa debekatu egin zuen Auzitegi Nazionalak. Eraso horiei erantzunez, euskal gehiengo zabal batek deituta, milaka lagunek bete zituzten egun berean Bilboko kaleak", azaldu dute. Hori dela eta, herri mailako dinamikak indartu behar direlakoan daude: "Horrela bakarrik lortuko dugu gure herrikideak ahalik eta lasterren etxera ekartzea. Eta, nola ez, lan hori ahalik eta eraginkorragoa izango da guztion lana baliatuz. Konpromisorako ordua da!", amaitu dutenez. Argazkian, 2013ko azken ostiraleko kontzentrazioa Algortan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun