Josu Gotzon Landeta: "Neguko eskean udaberriari deika"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 5a, 13:05

Negu gorrian, euri zaparrada eta haize zirimoletan barrena, nekez irudika liteke eguzkipeko tarte gozorik, nekez brisa barearen baitako sosegurik. Hotzaren sasoia luze begitandurik, otsaileko partean gure arbasoak kalerik kale joan ohi ziren lurrari astindua ematen, natura bere lozorrotik itzar zedin. Bitartekoak, kopla sorta bat eta makil sendo batzuk baino ez. Lehen hala egiten zuten, eta gaur egun ere ohitura hori gure artean bizirik dirau. Pertsona gisa, guk ere gure negualdiak izaten ditugu, baina ondo dakigu hotzaldi gorriaren erdian eguzkipeko gozotasunari deika ibili beharra dugula, dardaren partez sosegua nagusi dakigun. Historian zehar gizakiok negualdiak laburtu eta udaldiak luzatzeko ahaleginean ibili gara, aurrerapenaren epeltasunean aldapan gora gailurretik hurbilago kokatu guran, datorren sasoian akaso erosoago eta zoriontsuago biziko garelakoan. Alabaina prozesuan pilatutako jakinduria ez da gurekin iraungitzen, ezen biziraupena ziurtatu guran altxor hori ondorengo belaunaldiei transmititzen baitiogu, beti bide zuzena hartu guran, beti txarto eginak ahal den neurrian zuzendu guran.

Urte batzuk dira Euskal Herrian gure eskola aldarrikatzen ari garela, eremu arrotzeko pendiz malkartsu batean pausoak emanez, inoiz pauso baldarrak, baina hurrengo saiakeran sendoak izango direlako konbentzimenduan beti aurrera gabiltza. Tamalez frantziar eta espainiar estatuen eremuak sarritan labainegiak dira, eta gora egitea ez zaigu samur suertatzen. Zenbat aldiz ez ote zaigu Sisiforen zoritxarra dugulako sentsazioa nagusitzen, harria aldapa gora eraman eta gailurra bistaratzen dugunean berriz ere beheraino amiltzen garela. Trantze horretan, lehengo aldapa lokaztuan gora ibili beharra suertatzen zaigu, ibileran zutik mantenduko ote garen ziurtasun ezarekin.

Gureak ez diren bulego gotorretan, estatu zapaltzaileak gora daramagun martxa oztopatu guran dabiltza, gure jakinduria seme-alabei transmiti ez diezaiegun. Oraingoan Madrilgo txoko ilunetan Wertek euskal eskolaren aurkako arautegi menperatzaile bat dakarkigu. Berorren bitartez gure printzipioak eta kultura baztertzea bilatzen da, horien partez bortxa militarrez zamatutako printzipioak eta sasi-kultura onar ditzagun, hau da, behin jainkoaren graziak ezarri ei zuen espainolkeria antzu eta idorrez kutsa gaitezen, era horretan euren zeruan garaileen ondoan esertzeko txartela eskuratuko dugulakoan.

Goitik behera eraikitako sistema bortxatzaileak garaile eta galtzaileen arteko bereizketa inposatzen digu, bizitza lasterketa lehiakorra bailitzan, era horretan galtzaileen heziketa porrotaren osinean amilduta bukaturik. Behetik gora eraikitako sistema parte hartzaileak, ostera, guztion beharrak asebetetzen jo beharko luke, heziketaren bitartez guztiok geure lekua topa dezagun, inoren makilaren beldurrez bizi behar izan barik. Haizea zakarregia denean, ostera, ezin uka liteke geure burua etsipenaren zuloa inguratzen sumatzen dugula, horri aurre egitea hain gaitz suertatzen baitzaigu. Inoiz negu luzeegiak hotzeriak jota utzi gaitu, geroago datorkeen sasoi epelagoen xarmak inondik sumatzen ez ditugularik. Aurrerako grinak, ostera, irakasleok ikasgelak esperantza kantuez betetzera bultzatzen gaitu, gure ikasleei beste mundu bat posible dela sinestaraziz.

Gure herriko panoraman, hotzeriari aurre egiteko estrategiak jarri ohi ditugu martxan, ezinbestekoak zerbait lortuko bada. Horrekin batera norbanakoak ere badu zer egin. Ez dezagun ahaztu ikasgelak gureak direla (ez gobernu zapaltzaileena), eta bertan ukenduak guk ematen ditugula. Ukenduak, bai, administrazio menperatzaileetatik datozkigun botika oldarkorrak saihesteko, ukenduak ikasleak bizipozaz eta sormenaren eremuan hezi ditzagun, antolaketa ustelaren sendagarri, norbanakoaren gozagarri.

Neguaren luzea arbuiatu guran gutako batzuk udaberriari deika http://farm5.staticflickr.com/4147/5093026261_16e0ed0cd5_n.jpggabiltza, lozorroan den lurra itzartzeko ahaleginean, alegia. Negu zantarrari udaberri epelagoa jarraituko zaio ezinbestean, eta munduan ez da horren aurka egin dezakeen indarrik, ez Werten gezi pozoituak ez horiek jaurtitzeko oztoporik jarriko ez luketen hurbileko administrazioen epelkeria. Eta ahor kontua, epelkeria administratiboaren ordez epeltasun herrikoia behar dugu, gure izaera giro onean eta soseguz indartuko bada. Aurrera bolie.

Josu Gotzon Landeta irakasle getxoztarrak helarazitako iritzi artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun