Algortako batzar irekia bertan behera utzi dute Arkaitz Bellon presoaren heriotzaren salaketari ekiteko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 6a, 00:48

Ostegun honetarako deitutako batzar irekia bertan behera uztea erabaki du euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko Algortako herri bilguneak, Kadizko Puerto I espetxetik heldu den berri tamalgarriaren ostean. Arkaitz Bellon Elorrioko gatibua hilda aurkitu dutela jakinarazi du iluntzean Etxerat senideen elkarteak. Oraingoz ez dute jakinarazi Bellonen heriotzaren inguruko xehetasunik. Gauzak horrela, arratsaldeko batzar irekia bertan behera utzi eta, "Arkaitz Bellonen heriotzari herri mailako erantzuna emateko" hitzordua jarri dute 12:00etan, Algortako Abian kutur elkartean (Bidebarri 2). Iluntzeko 8etan, berriz, manifestazioa egiteko asmoa daukate, Telletxe plazatik abiatuta. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko Algortako herri bilguneak doluminik sentikorrenak eta elkartasun osoa helarazi dizkie elorrioarraren senide eta lagunei. Puerto I espetxean, Iñigo Gutierrez "Guti" algortarraren kidea zen Arkaitz Bellon. Urtebeteko epean, espetxean hil den hirugarren euskal preso politikoa da Bellon. Argazkian, Anjel Figueroa algortarra iazko martxoaren 14an hil zen zigorra etxean betetzen ari zela, eta Xabier Lopez Peña martxoaren 30ean, Frantziako Fleury espetxean ondoezak eman ondoren / cc-by Algortako Herrira.

Heriotza baieztatu du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ere. Ohar batean, azaldu du bazkaldu ondoren topatu dutela funtzionarioek, ohean. Zuzendaritzaren arabera, espetxeko sendagileek baieztatu dute hilda zegoela eta indarkeria zantzurik ez zuela. Halaber, aitortu du gaixotasunik ez zuela, eta heriotza naturala darabil lehen hipotesitzat. Sekretupeko ikerketa abiatu du espetxe zuzendaritzak.

36 urte zituen, eta 2003ko uztailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, kale erasoetan parte hartzea egotzita. 13 urte eta hiru hilabeteko zigor osoa betetzekotan zen maiatzean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Elorrioko beste bi gazterekin epaitu zuen Bellon; Andoni Zengotitabengoarekin eta Txomin Lesenderekin. 13 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zien bakoitzari, 2000. urtean Donostiako Aste Nagusian bi autobus eta kutxa automatiko bat erretzea, eta Ertzaintzari suziriekin zein molotov koktelekin eraso egitea egotzita.

Espetxean hainbat eraso

Bellonek, espetxean egin dituen urteetan, hainbat eraso jasan ditu espetxezainen eskuetan. 2010ean, hirugarren erasoaren berri eman zuten bere senideek. Urte horretako maiatzean Puerto III espetxean espetxezainek jipoitu egin zutela salatu zuten. Iazko martxoan, berriz, Herrira-k salatu zuen berriro jipoitu zutela. Aurrez, 2008an, Algeciraseko espetxean eraso egin zioten hango funtzionarioek.

Bellonen senideek ere bere azalean pairatu dute sakabanaketaren eragina. 2008an auto istripua izan zuten bere izeba-osabek, Herrera de la Mancha espetxera bisitara zihoazela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun