Hiru gazte atxilotu dituzte Algortan Arkaitz Bellonen kartelak jartzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 6a, 15:27

Ertzaintzak hiru mutil atxilotu ditu Algortan, Tangora etxetik gertu atzo ziegan hil zen Arkaitz Bellon "Pantxi" Elorrioko preso politikoari buruzko kartelak jartzen ari zirela. Gazteei bilurrak jarri eta atxilo eraman dituzte komisariara, bertan identifikatzeko. Halere, ez dute esan Neguri edo Erandioko ertzain-etxea zuten helmuga. 13:40ak aldera, Segurtasun Saileko patruila batek gelditu ditu gazteak, Algortako Hiribideko 98. zenbakiaren altueran. Zeloz jartzen ari ziren Ernai gazte erakundearen kartelen kopia bat hartu eta bere buruak identifikatzeko agindu diete. Gazteek horretarako arrazoia eskatu diete eta ertzainek Arkaitz Bellonen inguruan Algortan zehar agertutako pintaketen egilea identifikatzeko zela esan diete. Gelditutako mutilek uko egin diote identifikatzeari hori "jazarpen politikorako aitzakia" baino ez zela iritzita. Izan ere, ertzainek onartu dietenez, lau kartel besterik ez dute jartzea lortu, hasieratik segika izan baitute patruila-autoa. Era berean, pintaketekin zer ikusirik izatea ezeztatu dute. Ertzainek hainbat minutu eman diete, beste patruila auto bat heldu arte, eta ondoren atxilotu dituzte hirurak, ez identifikatzeagatik. Ernairen kartel guztiak eraman dituzte orduan. Atxiloketa gauzatzen ari zela, Maitane Nerekan Umaran Getxoko BIlduren zinegotzia heldu da eta ertzainei gazteak askatzea eskatu die. Halere, eraman dituzte.

Mobilizazioak

Bitartean, eskualdean hainbat deialdi egin dituzte gaurko zein biharko, Arkaitz Bellonen heriotza salatu eta espetxe politikaren erabateko aldaketa eskatzeko. Gaur, Gorlizen, iluntzeko 7etan jarri dute hitzordua, Txokoetxen. Erandion, berriz, 19:30ean kontzentrazioa egingo dute Altzagan, metro geltokiko zabalgunean. Ordu erdi beranduago, mobilizazioa izango da Leioako Boulevardean. Bihar ere ordu eta toki berean egingo dute leioaztarrek. Itzubaltzeta / Romon, gaurko ordu berean mobilizazioa izango da Santa Eugenia plazan, Plentziako Piruli plazatxoan bezala. Algortan, berriz, gaur iluntzeko 8etan manifestazioa egiteko asmoa daukate, Telletxe plazatik abiatuta. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko Algortako herri bilguneak doluminik sentikorrenak eta elkartasun osoa helarazi zien atzo Elorriokoaren senide eta lagunei. Gogoratu zutenez, Puerto I espetxean, Iñigo Gutierrez "Guti" algortarraren kidea zen Arkaitz Bellon. Urtebeteko epean, espetxean hil den hirugarren euskal preso politikoa da Bellon.

Deialdiak

• Gaur, 19:00etan, Gorlizko Txokoetxen, mobilizazioa.
• Gaur, 19:30ean, Erandioko metro geltokian, kontzentrazioa.
• Gaur, 20:00etan, Leioako Boulevardean, mobilizazioa.
• Gaur, 20:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, mobilizazioa.
• Gaur, 20:00etan, Plentziako Piruli plazatxoan, mobilizazioa.
• Gaur, 20:00etan, Algortako Telletxe plazatik manifestazioa.
• Bihar, 20:00etan, Leioako Boulevardean, mobilizazioa.

Atxiloketen argazkiak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun