Uribe Kostako Eztabaida gune antiautoritarioak zinema bost lan labur, euskaraz, aurkeztuko ditu gaur, osteguna, iluntzeko 8:30etatik aurrera. Izan ere, ordu bat lehenagorako deituta zegoen ekimena, baina kolektiboko kideek azaldu dutenez, Arkaitz Bellonen heriotzagatik izango diren mobilizazioak direla eta, atzeratu dute, nahi duenak biak uztartu ahal izan ditzan. Ikusgai izango diren obrak honakoak dira: "Gosea" (Itziar Cantero, 11'), "Ama ona" (Laida Aranburu, 9'), "Bosgarren segmentua" (Ander "Parody", 7'), "Buruko Bidaia" (Claudia Urquijo, 4') eta "33 RPM" (Asier Kortabarria, 20'). Zine-foruma Zart ekoiztetxeak prestatu du, Short Film Caravan ekimena dela medio. Zarteko kideek adierazi bezala, "film laburrak ikusi zein zabaltzea ez da gauza batere erraza, eta are gutxiago zuzendari gazteen lehen lanez hitz egiten ari garenean. Egindako lanak hautsa hartzen egoteaz aspertuta, Short Film Caravan ekimena sortu dugu, lan hauek ikusteko erakus-lehio ibiltaria". Argazkian, "Ama ona" laneko fotograma bat / © Laida Aranburu Arruti.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!