Bitartean, bigarren autopsia egiten ari zaizkio Arkaitz Bellon preso politikoaren gorpuari, Berria.info agerkari digitalak jakinarazi duenez. Atzo goizean egin zioten lehena, Cadizko Auzi Klinikan; senideen konfiantzazko medikurik gabe, haiek konfiantzazko medikuak autopsian egon zitezela eskatua zuten arren. Senideen protestaren ondoren, beste azterketa bat egitea onartu zuen auzitegiak, eta gaur egiten ari zaizkio, klinika berean, senideen konfiantzazko medikuak auzi medikuekin direla. Bien bitartean, abokatuak Cadizko Puerto I-eko espetxean dira Bellonekin izan diren euskal preso politikoak ikustera. Elorrioarra zegoen modulu berean da Iñigo Gutierrez Carrillo algortarra. Bellonen heriotzaren berri izan ondoren espetxeko zuzendariordearekin bildu ziren haren moduluan dauden zortzi euskal presoak. Ondoren, Bellonen ziegan banan-banan sartu eta azken agurra ematen utzi zieten. Bere gauzak ere atera zituzten handik, Algortan atzoko manifestazioa abiatu baino lehen Etxerat elkarteak adierazi zuenez.
Euskal Herrira
Lehen autopsiaren emaitzen berririk ez da zabaldu. Auzi medikuek helarazi diote txostena senideei, baina bigarrenaren emaitza izan artean ez zabaltzea erabaki dute, Berria.info-k zehaztu duenez. Gaur, bigarren autopsia amaitu ondoren, espero da berriren bat izatea. Kazeta euskaldunaren arabera, gorpuaren azterketa egiten denean, lehen txostena egiten dute berehala medikuek, lehen ondorioen berri emateko. Ikusitakoaren arabera, Belloni heriotza zerk eragin dion jakinaraziko dute lehen txosten horretan medikuek. Litekeena da senideek gaur bertan jasotzea emaitza hori, baina ez da behin betikoa izango. Gaurko autopsia amaitutakoan, Euskal Herrira ekarriko dute presoaren gorpua; bere herrira, Elorriora. Hori ahalik eta arinen egin ahal izateko tramiteak egiten zebiltzan atzo arratsaldean Iñaki Goioaga eta Ainhoa Baglietto abokatuak, senideekin.
Etxerat elkarteak, presoaren heriotzaren inguruko zehaztasun guztiak argitzeko eskatu du. Gertatu denaren inguruko zalantzak plazaratu, eta Espetxe Zaintzako Zuzendaritza egin du heriotzaren erantzule: "Berak bermatu behar du preso guztien osotasun fisiko eta psikologikoaren zaintza, baina berak onartzen ditu jazarpen guztiak". Espetxe Zaintzako Zuzendaritzak lehen unetik presoa "berez" hil dela esan badu ere, Etxerat-ek ohartarazi du txosten medikoen arabera osasun arazorik ez zuela; "'traumatologia arazo arinak soilik'" zituela. "Bellonekin gertatutakoak espetxe politikaren ondorenak agerian uzten ditu. Kale eraso batean parte hartzea egotzita 13 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten. Zigorraren bi herenak zein hiru laurdenak beteta zeuzkan arren, preso zeukaten; zigorra ia osorik betea zuen, baina lehen graduan zuten oraindik, bizi-baldintza gogorrenak dituen araudipean", salatu du Etxeratek. Presondegian bereziki jazarri diotela azaldu dute. Horren adibide, senideen arabera "gutxienez lau aldiz" jipoitu izana. Eta espetxerik gogorrenetan erregimenik zorrotzenetan izan dute.
Arkaitz Bellon gogoan Itzubaltzetan (© Koska kolektiboa)