"Enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea helburu", Bizkaiko EAJk prozesu parte hartzailea jarriko du martxan Bizkaiko geografia osoan zehar. Lehen lan bilerak Basaurin (martxoan) eta Getxon (apirilean) egingo dituzte. Halere, horiek prestatzeko Bizkaiko EAJren 200 hautetsi baino gehiago elkartuko dira etzi, igandean, Bilboko Alondegian, goizeko 10:30etik aurrera. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Itxaso Atutxa BBBko presidentea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Ahaldun Nagusia eta Izaskun Bilbao eurolegebiltzarkidea eta hautagaia. Haiekin batera, Eusko Jaurlaritzako sailburu bizkaitarrak, herrialdeko diputatu, senatari, legebiltzarkide, batzarkide, alkate eta Uri Buru Batzarretako presidenteak izango dira. Prozesuan zehar, ehunka hiritarren ekarpenak jasotzea espero du Bizkaiko EAJk. Ideia eta ekimen horiek kontuan hartuko dituzte 2015ko udal eta foru hauteskundeetara begira alderdi jeltzaleak prestatuko dituen hauteskunde egitasmoak diseinatzean. Argazkian, Andoni Ortuzar eta Izaskun Bilbao Areetan egindako mitin batean.