Paul Bilbao: "Geurearen alde"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko ots. 7a, 16:03
Paul Bilbao Sarria - Berria.info] Euskarak aurrera egin du azken hamarkadotan, bai. Hiztun gehiago gara hiru iturritik elikatu dugulako gure hizkuntza-komunitatea. Batetik, gurasoengandik seme-alabenganako transmisioa; bestetik, milaka herritarrek euskara ikasteko konpromisoa hartu dute herriaren luze-zabalean kokatuta dauden euskaltegietan, eta hirugarrenik, azken hamarkadotan D eredutik euskaldundutako milaka herritarrek egungo kopuruetara ekarri gaituzte. Urtez urte gora egin du belaunaldi berri euskaldunen alde egiten duten gurasoen kopuruak, eta, akaso, horrexegatik azken urtean euskarazko irakaskuntza aspaldiko jazarpen handiena pairatzen ari da. Izan ere, ez dugu uste ezer kasuala denik.
Parisen gurea bezalako hizkuntzen etorkizunaz hitz egiten ari ziren bitartean, prefeta gero eta oldarkorragoa agertzen zen Beskoitzen eraiki beharreko ikastolaren kontra. Are gehiago, Hendaiako Herriko Etxeak ikastola berriaren alde hartu deliberoa deuseztatu egin du Paueko administrazio auzitegiak. Hamar urtean suprefet eta prefetek Falloux Legeari bizkarra eman badiote ere; orain legea eskuan jomugan dira Ipar Euskal Herriko ikastolen %90.

Horrekin batera, Espainiako Hezkuntza Ministro Wert-ek berebiziko presa erakutsi du gure hizkuntzaren garapenaren kontra doan erreforma abian jartzeko. Gure herriko eragile, instituzio, herritar gehienok erreforma horren arriskuen jabe garen arren, bere helburuari eusteko prest dago ministroa.

Eta oztopo horiek gutxi balira, zeharka pasatu eta oihartzun handirik izan ez duen beste erabaki ulergaitz bat ere izan da azken asteotan; hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuan normalizazioaren ikuspegitik hainbat alderdik hartutako erabaki ulergaitza, zeinaren arabera, "Nafarroako Gobernua premiatzen da bidezkoak diren prozedurak ezar ditzan ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu desberdinak elkarrekin bizi daitezen".

Egia esan, eztabaida ulergaitza izan zen, hain zuzen ere, zer-nolako ondorioak izan ditzakeen kontuan hartuta. Lehen esan bezala, hezkuntzak nahitaezko funtzioa betetzen du hizkuntza baten berreskurapen-prozesuan. Bertan etorkizuneko belaunaldia dago, etorkizuneko jendartea hezurmamituko eta gidatuko duena, alegia. Gainera, hainbat ikerketak erakusten dute gazte garaian finkatzen eta izaten direla hizkuntza erabilera nagusienak; hots, nagusiki hizkuntza batean edo bestean bizitzeko erabakia gazte garaian hartzen dela.

Horretan hainbat faktorek eragiten du, besteak beste, euskaldunen dentsitatea, euskaraz eta erdaraz hitz egiteko gaitasun erlatiboa eta euskararekiko jarrera, motibazioa eta identitatea. Zalantzarik ez, beraz, etorkizuneko euskaldunak lortuko baditugu, ikastetxeak bere osotasunean funtzio bat bete behar duela. Izan ere, ikastetxea instituzio bat da. Akaso, hori baino gehiago ere badela esan genezake: Ikastetxeak komunitatea sortzen du, gertuko harremanak ditu, inguruan eragiten du, euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko espazioa eskaintzen du edo eskain lezake; euskara irakasten du eta euskaraz ikasteaz gain, komunikaziorako eta erabilera sustatzeko baliagarri dela erakutsi du. Kontseiluak hezkuntza sektoreko eragile garrantzitsuenekin adostutako Ikasle euskaldun eleaniztunak delako proposamenean ere berebiziko garrantzia eman zion ikastetxeak bete behar duen funtzioari.

Eta funtzio horiek betetzeko, euskarak bere espazio propioa behar du ikastetxean, eta bertan hizkuntza hegemonikoa izan behar du. Eta hori izan da, besteak beste, azken urteotan D ereduak izan duen arrakastaren arrazoietako bat. Azken hamarkadotako eskarmentuak erakutsi digu posible dela ikasleak euskalduntzea, ingurune soziolinguistikoa edozein delarik ere. Horrexegatik, utz ditzagun albo batean euskalduntze-prozesu integrala arriskuan jar ditzaketen erabakiak. Albora ditzagun euskararen erabileran eragingo duten esperimentuak. Indartu dezagun orain arte ikasle euskaldun eleaniztunak ahalbidetu dituen eredua. Izan ere, egoera ahulean dagoen hizkuntzari horrelako erabakiek kalte besterik ez diote egiten, eta, beraz, ikastetxe berean hizkuntza-eredu desberdinak jartzeak badakigu noren kontra egingo lukeen. Erabaki horrek ez luke elkarbizitza sustatuko, gaztelaniaz bizitzea baizik.

Gauzak horrela, aurten inoiz baino indar handiagoz ekin behar diogu aurrematrikulazio-kanpainari, kanpotik datozen esku-hartzeei eta barnetik datozen erabaki ulergaitzei izkin egin eta guk geure bideari jarraitu behar diogu, azken hamarkadotan bezalaxe, D ereduaren alde.

Paul Bilbao Sarria Kontseiluaren idazkari nagusi algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun